Etxebizitza eskubidea bermatzeko eskatzeko mozioa aurkeztuko du Elkarrekin Errenteriak
Instituzio guztiei dagokiela neurriak hartzea etxebizitzarena bezain arazo konplexuari erantzuteko dio Maite Gartzia, Elkarrekin Errenteriako bozeramaileak.
Etxebizitza eskubidea bermatzea eskatzeko mozioa aurkeztuko du Elkarrekin Errenteriak udalbatzaren osoko bilkuran. “Egoera habitazionala larria” dela-eta aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari etxebizitzarako irisgarritasuna berma dezaten neurriak galdegitea eskatuko du mozioaren bidez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familia ugariri eragiten die higiezinen espekulazioak Elkarrekin Errenteriak salatu duenez, “milaka pertsonei eta sektore zabalei eragiten die”. Etxebizitza eskubidea, nazioartean, oinarrizko eskubide gisa aitortuta dagoela ekarri du gogora, “garrantzitsuagoa da beraz, jarrera aktiboa hartzea etxebizitza politikekiko eta gazteen emantzipazioa erraztuko duten, etxe kaleratzeak saihestuko dituen. alokairuen gehienezko prezioak arautuko dituen, eta hutsik dauden etxebizitzei funtzio soziala emateko mobilizatuko dituzten neurriak abian jartzea”.
Alokairuaren prezioak %22 igo dira 2013tik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, eta alokairuan bizi diren familien %65 alokairua ordaintzeko errenta erabilgarriaren %30 baino gehiago erabili behar dute. Maite Gartzia Ontiveros Elkarrekin Errenteriako bozeramailearen hitzetan, Espainiako Estatuko Gobernuak alarma egoeran hartutako neurriek eragina moteldu dute, “baina oraindik asko dago egiteke: prezio tentsionatutako eremuetako alokairuaren gehienezko prezioak finkatuko dituen estatu mailako etxebizitza legea eta Eusko Jaurlaritzak kudea ditzakeen 30.000 etxebizitza hutsei funtzio soziala emango dieten erkidego mailako neurriak ezartzea beharrezkoa da”.
Ez du zalantzarik azaldu Gartziak, ziur da, erabat, instituzio guztiek elkarlanean jardun behar dutela etxebizitzarena bezain arazo konplexu bati irtenbide eraginkorrak emateko.