[Galeria] Abiatu da pentsiodunen bizikleta martxa, zahartzaro duinen alde
Gipuzkoan barrena pentsio eta zahartzaro duinen alde jubilatu eta pentsiodunen mugimenduak egingo duen bizikleta martxa gaur abiatu da Errenteria-Oreretatik.
Gipuzkoan barrena pentsio eta zahartzaro duinen alde jubilatu eta pentsiodunen mugimenduak egingo duen bizikleta martxa gaur abiatu da Errenteria-Oreretatik. 09:00etan puntuan atera dira txirrindulariak oinez, hamarnaka lagunek babestuta Herriko Plazatik bi suzirik irteera seinalea markatuta. Dultzaina jotzaileek zabaldu dute bidea, ondoren joan da gutxieneko 1.080 euroko pentsioa aldarrikatzen zuen Duintasuna elkartearen pankarta, eta atzean bizikleta martxan parte hartuko zuten txirrindulariak, hogei bat.
Iztietako eliza paretik abiatu dira txirrindulariak, beraiekin bertaraino hurbildu direnen txalo zaparrada eta animo oihuen artean. Aukeratutako lekuarengatik pentsa zitekeen miraren bat espero dutela; ez da ordea horrela, eta jakin badakite, borrokatu ezean, zahartzaro iluna dutela urte luzeetako lan jardunen ordain, baita datozen belaunaldiek ere.
Sei etapatan banatuta dago bizikleta martxa. Lehen egunean, Errenteria-Orereta eta Tolosa lotuko dituzte; 25ean Tolosa eta Zumarraga-Urretxu; 26an Zumarraga-Urretxu eta Bergara; 27an Bergara-Deba; 28an Deba-Usurbil eta 29an Usurbil eta Donostia lotuko ditu martxak. Egun horretan herrialdeko manifestaziora deitu dute pentsioen alde.
Honakoa da bizikleta martxak Oarsoaldean barrena egingo duen ibilbidea Tolosarako bidean: Errenteria-Orereta: Herriko Plaza, Nafarroa etorbidea, Kaputxino gaina, Pasaia: Nafarroa etorbidea, Donostia etorbidea, Buenavista, Pasaiako Portuko Ibilbidea; Donostia: Herrera, Jose Elosegi ibilbidea, Pasai San Pedro etorbidea. Trintxerpe: Euskadi etorbidea. San Pedro: Esnabide kalea. Hortik Bidebietara joko du.