'Hiru binaka' iniziatiba artistikoa sortzaileen bila dabil
Hogeina minutuko sei piezarekin osatu nahi dute ' Hiru binaka'-ren bigarren egitaraua. Edozein diziplinako sortzaile oiartzuarrak nahi dituzte.
Kulturabirusaren barruan, Hiru binaka izeneko iniziatiba eskaini zuten herriko hainbat sortzailek. Binaka egindako piezak izan ziren, diziplina ezberdinak uztartuz. Herriko hiru txokotan egin ziren, eta ikusleak obrak txandaka ikusten joan ziren.
Antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten, aurten ere errepikatzeko asmoa baitute. Egitaraua elikatze aldera, Oiartzungo sortzaileen bila ari dira Hiru binaka antolatzen dutenak.
Binaka lan egiteko prest dauden sortzaileen bila ari dira. Hogeina minutuko sei pieza behar dituztela jakinarazi dute, ahal bada diziplina ezberdinekoak. Sortzaileak kontzeptua modu zabal batean ulertzen dela esan dute 2021ko Hiru binaka iniziatibaren antolatzaileek. “Zeuk erabaki zertan sentitzen zaren sortzaile!”, jakinarazi dute.
Izena emateko edo informazio gehiago behar duena e-posta bidez jar daiteke harremanetan.