21 aulki, bestelako sorkuntzei tokia eskaintzeko
Ohiko zirkuituan tokirik ez duten sormen lanen agertokia dena gaur hasiko da, Ehuntze espazioak antolatuta. Bi asteburuz luzatuko da, ekitaldi oso ezberdinekin.
Gaur hasiko da 21 aulki zikloa. 2016an egin zuten lehen aldiz. Ordutik, ohiko zirkuitu artistikoetan tokirik ez duten proposamenek aterpe hartu dute Ehuntze espazioan. 21 aulki da benetako izena, baina COVID-19ak —hau ere bai— baldintzatuko duenez, edukieran zanbuluka ibiliko da.
Ehuntzeko Idoia Beratarbidek azaldu du zein motako ekitaldiak programatzen dituzten, adibideekin: «Ez dira ohiko zirkuituan sartzen askotan ezin direlako sailkatu. Irakurraldia da, baina ez da; performancea du; bertsolaritza beste zerbaitekin nahasten da. Adibidez, poesia eskaintzen duten toki batean eskaintzen duzu performance pixka bat duen zerbait, eta esaten dizute ez dela bakarrik poesia».
Hori bai, diziplina bateko emanaldi puruak ere ekarri izan dituzte. Poesia errezitaldiak, adibidez, poesiaren zirkuitua ez delako oso handia.
Ekitaldiek formatu txikia izateak ematen du beste goxotasun edo intimotasun bat, Beratarbideren arabera: «Eskaintzen ditugun ekitaldi asko badira horretarako prestatuta daudenak. Ez beti, badirelako agertoki handiagoetarako prestatuta daudenak. Lan batzuk toki txikietan eta gertutasunean gogoz ikusten dira. Jendeak eskertzen du; gainera, egileek eurek oholtzan daudenean transmititzen dute hori».
Propio sortutako ekitaldia
Ainara Lasa eta Alaia Martinek ziklorako propio sortutako emanaldi parte hartzaile batekin hasiko da gaur aurtengo 21 aulki (Ehuntzen, 17:30ean). Bi sortzaile oiartzuarrek prestatutako Mugakidetzan saioak mugak izango ditu ardatz.
Beratarbidek laburbildu du: «Martinek bertso batzuk prestatuta ditu, eta abesten ari den bitartean, Lasak ekarri dituen argazkiak nahastuta, argazki berriak sortuko ditu. Entzuten ari garen heinean, ikusiko dugu nola sortuko duen, pantaila handi batean». Ondoren, irudi berri horiei publikoak hitz batzuk jarriko dizkio, eta hitz horiekin Martinek bertsoa osatuko du. «Aukera izango dugu sortzaileen buruak nola funtzionatzen duen sentitzeko».
Biharko Maringurua antolatuta zuten, baina bertan behera geratu da, data berria jarri arte. Eneritz Artetxek, Maider Galarzak eta Idoia Hernandez Hatxe-k emakumeek antzerkian duten paperari buruz hausnartuko dute, Karanbola hirukoitza liburuan oinarrituta, performance moduko pilulekin uztartuta.
Gaur zortzirako, Andrezaharraren manifestua (udaletxea, 19:00etan), Mari Luz Esteban, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Jurdana Otxoa, Idoia Beratarbide eta Miriam Ubaneten eskutik. Estebanen izen bereko poemarioaren irakurraldi performatiboa izango da.
Beratarbidek ez du xehetasun handirik aurreratu nahi izan, baina irribarrea atera zaio esan duenean «denek denetik» egingo dutela. Normaltasun egoera batean ere saio hori udaletxean egingo luketela zehaztu du Beratarbidek.
Biharamunerako, Alaiartekin hiru orduko ikastaroa antolatu dute, Ehuntze sormen espazioan (10:00etan hasiko da). Mosaikoak zer diren eta nola egiten diren ikasiko dute, 10:00etatik aurrera. Alaia Gaztelumendik —Alaiarten izena— mosaikoa egin du duela gutxi bidegorriko komunetan, eta jakin-mina piztu du herrian; asetze aldera antolatu dute ikastaroa.
Egun horretan, arratsaldez, iazko ekitalditik ixteke duten jarduera egingo dute. Nagore Legarreta argazkilariak argazkiak atera zizkien emakume oiartzuarrei. Oraindik ere lanerako materiala biltzen jarraitzen du Legarretak. Oiartzungo saioan dozena bat emakume elkartu zituen, eta «arrakasta» bezala definitu du Beratarbidek.
«Ordura arte ez zuen lortu hainbeste emakume elkartzea, talde txikiagoak suertatu zitzaizkion ordura arte». Parte hartzaileek norbera agertzen den sinatutako argazkia jasoko dute. Potretak eramateaz gain, Legarretak kamera eramango du, 50 urtetik gorako emakumeei argazkiak ateratzeko. Modeloen anonimotasuna bermatu dute. Argazki banaketa 18:30ean izango da, eta saioa ordubete geroago, Ehuntzen.
21 aulki-ren saioetan tokia hartzeko bi modu daude. Hilaren 28ko eta ekainaren 5eko saioetarako izena eman beharko da, edukiera bete arte. E-posta bidez idatzita egin daiteke edo 652 70 15 53 telefono zenbakira deituta. Hilaren 29ko eta ekainaren 4ko emanaldietarako sarrerak Irubide tabernan lor daitezke. Erreserbak egiteko ere Ehuntzeren posta elektroniko helbidera idatzi beharko da.