Hodei Lujanbio, Andosillan garaile
Andosillako lasterketako ibilbide luzean nagusitu da oiartzuartutako goizuetarra. Navartrail kopan lehenengo postuan doa.
Atzo lehenengo aldiz egin zuten Andosillako Peña Trail mendi lasterketa. Palmaresean bere izena idazteko ohorea izan zuen Hodei Lujanbio Altzibarren bizi den goizuetarra izan zen.
Ibilbide luzeena egin zuen Lujanbiok, hemezortzi kilometrokoa. Erriberako herriko harkaitzean sei aldiz ibili ziren goitik behera, 650 metroko desnibela pilatuz. 169 lasterkariren artean onena izan zen Lujanbio.
Modu horretan, 100 puntu pilatu zituen Navartrail ligaren hirugarren ekitaldirako. Sailkapenaren buruan dago.
Lehenengo proba Betagarri Trail izan zen, Antzinen, martxoaren 28an. Bertan laugarren postuan bukatu zuen. Bigarren proba, berriz, Lerinen izan zen, duela bi aste. Hor lortu zuen podiumera igotzea; bigarren izan zen. Horri gehitu behar zaio duela bost aste Errenteria-Oreretan lortutako garaipena.
Navartrail bukatzeko bi lasterketa falta dira: Zarrakazteluko Larrate Trail —uztailaren 4an— eta Faltzeseko Pilon Trail —abuztuaren lehenean—.