Tamara Muruetagoienak eskatu du aita giza urraketen biktima izan zela aitor dezaten
Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua izan zena torturatua izan ondoren hil zen. Haren alaba Tamarak Eusko Jaurlaritzari aitortza eskatu dio.
Tamara Muruetagoiena Esteban Muruetagoiena Oiartzungo medikua izan zenaren alabak eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. Zehazki, bere aita giza eskubideen urraketen biktima izan zela aitortzea eskatu du. Horrela jakinarazi du sare sozialen bitartez.
Eskaera erregistratzea “egia eta justiziaren bilaketan urrats handia” dela esan du torturek eraginda hil zen Muruetagoienaren alabak.
Esteban Muruetagoiena (Ondarroa, 1943-Oiartzun, 1982) herriko medikua izan zen. 1982ko martxoaren 28an hil zen, hamar egunez komisarian inkomunikatuta eduki ondoren.
Askatu zutenean tortura zantzu nabarmenak zituen: erredurak zituen gorputzeko hainbat tokitan, hemorragia zuen ezkerreko belarrian eta inflamazioa genitaletan. Hiru egunetara hil zen.
Sarekada berean atxilotu zuten Bixente Ibarguren oreretarrak bere garaian gogorarazi zuenez, medikuaren oihuak entzun zituen atxilotuta zegoen bitartean, eta epaitegietan berarekin topo egitean “leher eginda” ikusi zuen, “inoiz inor ez bezala”.
Otro gran paso en mi búsqueda de la verdad y la justicia. He presentado una solicitud al Gobierno Vasco para que reconozca a mi aita, Esteban Muruetagoiena, como víctima de vulneración de derechos humanos. Muchas gracias por todo el apoyo. pic.twitter.com/ad4BokIEf3
— Tamara Muruetagoiena (@TMuruetagoiena) May 30, 2021