Doako lanerako prestakuntza ikastaroa eskainiko du Oarsoaldeak
Hozteko instalazioen proiektuak garatzeko ikastaroa batxilergoko titulua duten langabeei dago zuzendua. Goizez izango dira klaseak, 09:00etatik 13:00etara.
Lanerako prestakuntza ikastaro berri bat jarri du martxan Oarsoaldeko Garapen Agentziak, eskualdeko langabeen enplegua eta lanbide-kualifikazioa hobetzeko. Ikastaro horren %100 Lanbidek finantzatuko du.
Aizpea Otaegi agentziako presidenteak adierazi duenez, prestakuntza amaitzean parte-hartzaileek 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiri osoa lortuko dute, horrela, lanpostu horretarako gaitasun profesionala dutela egiaztatuz.
Hozteko instalazioen proiektuak garatzea izeneko ikastaroak 490 orduko zati teorikoa du, eta parte-hartzaileek hozkailu instalazioen proiektuak garatzeko gaitasuna izango dute, ezaugarriak finkatuz, planoak eginez, eta muntaketa nahiz proba-protokoloak planifikatu eta zehaztuz. Prestakuntza egin ondoren, sektoreko enpresetan 80 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.
Ikastaroa gazteleraz eskainiko dute Oarsoaldeko bulegoetan, goizez, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara. Izena emateko epea hilaren 21ean amaituko da, beraz, interesatuek izena eman beharko dute data hori baino lehen Oarsoaldeko Enplegu Sailaren bulegoan (Errenteriako Olibet kaleko 6.ean) edo 943 51 02 00 telefono zenbakira deituta.