Barruti guztietarako zuntz optikoaren sare publikoa galdegin du EH Bilduk
Donibane eta San Pedroko alde zaharretara oraindik heldu ez den zerbitzua bermatzeko eskatu diote bilkideek udal gobernuari.
EH Bilduk operadore-anitza izango den zuntz optikoaren udal sare publikoa eraikitzeko urratsak eman ditzan eskatu dio EAJ eta PSE-EEk osatutako Pasaiako udal gobernuari. “Helburua, oraindik zuntz optikoa izateko aukerarik ez duten herritarrei kalitatezko interneterako sarbidea ematea da, sare parte hartzaile baten bidez”, azaldu dute.
Pasaian badaude zuntz optikoa izateko aukerarik ez duten gune batzuk, tartean San Pedroko eta Donibaneko alde zaharrak, eta eskakizuna berria ez dela nabarmendu du oposizioko alderdiak. Pandemia egoerak, gainera, telelanaren goranzko nabaria ekarri duenez gero, eskaera hura “funtsezko eta premiazko” bihurtu duela sinetsita daude.
Proposamena
Oposizioko alderdiak honakoa proposatu dio udalari: Zumaiako udalak (EH Bildu) urte honetan zehar martxan jarri duen proiektua –zumaiar guztiei udalak eraikitako zuntz optiko sare publikoa eskainiko diena– oinarri hartuta konexio mota hau ez duten kaleetan zuntz optikoaren udal sare publiko operadore-anitza ezartzea.
Operazioa modu jasangarrian egin litekeela nabarmendu dute, eta ohiko operadore handiez gain, tokiko operadore txikiek ere eskaini ahal izango luketela zerbitzua, aukera emanez erabiltzaileari merkatuko eskaintza desberdinen artean egokien deritzon operadorea aukeratzeko.