Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa kontrolatuko dute Errenteria-Oreretan
Hilaren 7tik 13ra informazioa emango diete udaltzainek ibilgailu horien erabiltzaileei; hilaren 14tik 20ra, arau-hausteak baleude, isunak jarriko dituzte.
Errenteriako Udaltzaingoak datorren astean abiatuko du mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa kontrolatzeko kanpaina. Aurretik egindakoen jarraipena izango da. Ibilgailu horien barruan sartzen dira, besteak beste, patinete elektrikoak.
Hilaren 7tik 13ra udaltzainek ibilgailu horiei kontrolak egingo dizkiete, eta informazioa emango zaie horien erabiltzaileei. Hilaren 14tik 20ra, berriz, kontrolekin jarraituko dute, baina lege-hausteak baleude, salaketak jarriko dizkiete erabiltzaileei.
Hori dela eta, udalak oroitarazi du zein den ibilgailu horien zirkulaziorako araudi orokorra. Honakoak dira puntu aipagarrienak:
- Ezin dira sakelako telefonoa edo entzungailuak erabili mugikortasun pertsonaleko ibilgailuan zirkulatzen den bitartean.
- Ezin da espaloietatik edo oinezkoentzako guneetatik zirkulatu. Oinezkoen guneetan baimendutako zamalan ordutegian bakarrik zirkulatu ahal izango da, gainerako ibilgailuetan bezala.
- Ibilgailu hauetan pertsona bakarra joan daiteke. Ez gehiago.
- Gauez, erreflektantea den jantzia eta argiteria eraman behar dute.
- Alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeak edo baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoarekin gidatzeak beste ibilgailu mota batzuen ondorio berberak izango ditu.
- Ibilgailu horien gidarien erantzukizuna da arauak betetzea eta abiadura bidearen baldintzetara egokitzea, batez ere oinezkoekin partekatzen denean.