Trafikoan aldaketak asteburuan Gi-636ko asfaltatze lanengatik
Altamirako biribilgunetik (Lezo) nahiz Galiziako biribilgunetik (Errenteria-Orereta) Donostiara joateko ezingo da Gi-636 errepidera iritsi ostiral gauetik larunbat gauera.
Gaurtik igandera arte Gi 636 errepideko lurzoruan asfalto berri jartzeko lanak egingo dituzte. Horrek eskualdeko trafikoan hainbat aldaketa ekarriko ditu. Gutxi gorabehera, Altamirako biribilgunetik Kaputxinoetarako biribilgunera artean egingo dituzte lanak, beraz, bi puntu horien artean, Donostiako noranzkoan, errepide horren eskuineko zatia eta bertako sarbideak (Altamira-Gi 636, eta Kaputxinoetako Gaina kalea-Gi 636) itxita egongo dira. Ezkerreko erraila zabalik izango da Donostia aldera joateko. Honakoak dira aldaketak:
- Gaurko (ostirala) 21:00etatik, biharko (larunbata) 22:30ak arte, Gi 636ko eskuineko errailean eta sarbideetan (Altamirako biribilgunetik Gi 636ra doan zatian eta Kaputxinoetako sarbidean, Galizia biribilgunetik) egingo dira lanak. Beraz, Lezotik autoz Donostia aldera joan nahi bada, lehenik Altamirako biribilgune horretan Irunerako bidea hartu behar dute ibilgailuek, ondoren Lartzabalgo biribilgunera atera, han norabide aldaketa egin eta Donostiarantz joan ahal izateko. Errenteriatik Donostiara Gi 636tik joan nahi dutenek, Beraungo Las Mercedes biribilgunetik iritsi beharko dute hara Antxo pasatuz, Kaputxinoetako biribilgune ondorengo sarbidea (Galizia biribilgunekoa) itxita egongo baita.
- Biharko (larunbata) 22:30etik, etziko (igandea) 22:00ak arte, berriz, Gi-636 errepidearen ezkerreko errailean izango dira lanak. Errepide horretara iristeko Kaputxinoetako nahiz Altamirako sarbideak irekita egongo dira jada. Baina Irun aldetik datozen ibilgailuek, Altamirako biribilgunera egin beharko dute irteera, handik berriz ere Gi-636ra itzultzeko.
- Igandeko 22:00etan zabalduko dute ohiko moduan trafikoa.