Oiartzungo pilotariak, herriartekoaren finalerdietara
Bidania-Goiatzen —ere bai— 1-2 irabazita, finalerdietarako txartela lortu dute Oiartzuarrek, gehiegi sufritu gabe. Alegia izango dute arerio.
Oiartzun Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan egongo da. Bidania-Goiatzen jokatu zuten larunbatean, eta bertan berretsi zuten pasatuko zirela.
Madalensoron 2-1 irabazi eta hogei tantoko aldea lortu zuten oiartzuarrek. Larunbatean, Gipuzkoako erdialdeko udalerriko pilotalekuan, lehenengo partidan ia lortu zuten txartela. Izan ere, 22-0 nagusitu ziren Etxeberria eta Mitxelena kadeteak. Beste bi partidetan, beraz, hiru puntu pilatzea besterik ez zitzaien falta.
Hala ere, Etxeberria eta Olaiz jubenilek garaipena lortu zuten, puntu bakarragatik. Porrota —berriro— nagusien partidan iritsi zen. Ugaldek eta Salaberriak 22-16 galdu zuten.
Finalerdietako arerioa Alegia izango da. Lehenengo hiru partidak haien kantxan jokatuko dituzte.
Oiarperen gainontzeko partidei dagokionez, bost norgehiagoka jokatu zituzten. Ez zuten zorte ona izan, bakarra irabazi baitzuten, Oiartzunen jokatutakoa. Emaitzak ikusteko, egin klik hemen.