Sakelako telefono zaharrak biltzen ari dira, Kongori laguntzeko
Haurtzaro Ikastolako DBH3ko ikasleak mugikor zaharrak biltzen ari dira, mineralak birziklatzeko. Ateratakoarekin, Alboan GKEak Kongora bideratuko du.
Haurtzaro Ikastolako DBH3ko ikasleak Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka luzea lantzen aritu dira. Horrek hauspotuta, kanpaina solidarioa abiarazi dute, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundearekin batera.
Sakelako telefono zaharrak biltzen hasi dira, jada erabiltzen ez direnak. Modu horretan, gailuek dituzten mineralak birziklatu, eta lortutako dirua Alboan-ek Kongon dituen proiektuak finantzatzeko balio izango du.
Sakelako telefonoek dituzten mineralen birziklatzea hautatzea ez da ausazkoa izan. Koltana da telefonoentzako mineral nagusia, eta Kongon dago koltan erreseben %80. Hori da Afrikako herrialde hartako gatazken erregaia.
Ikasleek eurek eman dituzte datu beldurgarriak: “Urtean 100.000 emakume bortxatzen dituzte, azken hamabost urteetan 4.000.000 pertsona hil dituzte, eta milioika lagunek beren herrialdea utzi behar izan dute”. Gainera, haurren esplotazioa zein esklabotza ere aipatu dituzte.
Telefono zaharrak herriko tabernetan kutxa urdinak jarri dituzte. Honako tokietara eraman daitezke aparailu zaharrak: Miren, Kastro, Kabitxo edota Xabalera.