Aizkora bat eskutan atzemandako gizonari kartzela zigorra ezarri diote
Lau hilabeteko kondena eta sufragio pasiborako gaitasungabetzearekin zigortu dute. Bi udaltzain ere indemnizatu beharko ditu eragindako lesioengatik.
Joan den otsailean gizonezko kaputxadun bat atxilotu zuen Pasaiako Udaltzaingoak, suhiltzaile aizkora bat eskuetan zeramala. Agenteek adierazi zuten atxilotuak jarrera oldarkorra adierazi zuela uneoro, hura immobilizatzeko saiakeran hark “erresistentzia handia” jarriz. Bi udaltzainei eragindako lesioengatik eta atentatu delituagatik epaitu dute.
Epaitutakoari lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, kondenak irauten duen artean sufragio pasiborako gaitasungabetuta egongo delarik (alegia, ezingo du kargu publikoetako hauteskundeetara aurkeztu). Horiez gain, hogei eguneko isuna ere ezarri diote, egunero sei euro ordaindu beharko dituelarik (120 euro guztira).
Zigorra ez da egikarituko, betiere, bi urteko epean epaitutako gizonezkoak deliturik egiten ez badu eta isuna adierazi bezala ordaintzen badu. Baldintza horiek beteko ez balitu, zigorraren gabetzea atzera bota litzateke, gizonezkoa espetxeratuz.
Lesioak
Gizonezkoa atxilotu zuten agenteei eragindako lesioengatik ere zigortu dute; hala, 325 eurorekin indemnizatu beharko ditu bi horiek (bat 225 euroko kopuruarekin, eta 100 eurorekin bestea).
Udaltzainek salatu dute gizonezkoak jarrera erasotzailea izan zuela atxiloketan zehar, ostiko eta ukondokadak joaz agenteei. Mehatxatuak ere izan zirela adierazi dute.