Zaintzaren ikuspegitik landu duen herri diseinuaren ondorioak aurkeztuko ditu Lezoko EH Bilduk
Aurkezpena era parte hartzailean egin nahi du koalizioak, Saldisen eta Euskal Herria plazan egingo diren hainbat jardueraren bitartez.
Lezoko EH Bildun datozen urteetarako “erronka handienetako” modura dute zaintzarena. Bide horretan, alor horretan hiri espazio eta ekipamenduetan zaintza integratuko duen egitasmo globala osatzen ari dira. Horren gaineko hainbat lanketa eginak ditu koalizioak herrian, tartean, hainbat adineko lezoarrekin apirilean egion zuen parte hartzeko prozesua. Horri jarraipena emateko bigarren faseari ekingo diote.
Bigarren fase horretan, lehen aroko azterketa fasetik ateratako ondorioak jendartera zabalduko dituzte ondoren jarduera plana osatzeko. Horregatik, ostiralerako hainbat saiotan parte hartzea proposatu diete lezoarrei. “Modu parte hartzailean espazioak nola alda daitezkeen ikusi nahi dugu modu taktikoan, giro berriak sortuz eta espazio publikoan konpondu gabeko beharrei erantzunez”. 17:30etik 19:30era egingo dituzte jarduera horiek, Karlos Saldise eta Euskal Herria plazen artean.
Ondokoa da EH Bilduko kideek antolatu duten egitaraua:
- 17:30-19:00. Herri diseinuaren erakusketa eta azalpena, A la fresca kolektiboko Julia, Carmen eta Roserren eskutik.
- 17:30-19:00. Haurrentzako jolasak, Txirbillaren eskutik.
- 17:30-19:30 Eskailerak morez margotuko dituzte, Lezoko Emakume Taldearekin batera.
- 17:30-19:30. Iratzerriren mahaia jarrita egingo da. Etxeko argindarraren fakturak eraman, eta haiek horren azterketa egingo dute, herritarrek fakturan nola aurrez dezaketen aztertzeko, eta kontratu egokia ote duten jakiteko.
- 17:30-19:30. Laborek mahaia jarriko du, egitasmoari buruzko informazioa emateko.
- 18:00-19:00. Musika emanaldia.