Antxoko Ikastolako eta La Anunciata ikastetxeko ikasleak udal ordezkariekin bildu dira
Ikasturtean zehar herria nola hobetu landu dute ikasleek, eta gaur haien proposamenak eta zalantzak azaldu dizkiete udal arduradunei.
La Anunciata ikastetxeko ikasleak Biteri plazan udal arduradunei galderak egiten Aurtengo ikasturteari amaiera emateko eta udalaren Eskubidean plana medio, Izaskun Gomez alkatea eta Iraitz Pazos, Loreto Osa, Jon Ander Eceiza, Andrea Palomares eta Julen Rodriguez zinegotziak, Pasaia-Lezo Lizeoaren Antxoko Ikastolara eta La Anunciatara gerturatu dira ikasleen proposamenak eta galderak entzutera, baita ikasturtean zehar egin duten lanketaren berri jakitera ere.
Herria haur eta nerabeentzat hobetzeko asmotan hainbat gai landu dituzte urtean zehar bi ikastetxeetako ikasleek, hala nola, kirol azpiegiturak herrian, ingurumena eta kaleen mantenua, aisialdia eta nerabeentzako espazio autonomoen afera.
Lanketa bakoitzaren harira, hainbat proposamen irakurri dizkiete udal arduradunei: Antxoko frontoiaren erabilera zabaltzea, Pasai Donibaneko futbol zelai berri bat eraikitzea edota topoko tren geltokian argi gehiago jartzea.
Kirol azpiegituren baitan, neskek eta mutilek kirol azpiegituretan eskubide berdinak izan ditzaten galdetegi bat egin dute, eta ehun erantzun baino gehiago jaso dituztela azaldu dute. Datorren urtean jarraituko dute lanketa honekin.
Gainera, herrian hainbat konponketa lan egin dituzte gaur ikasleek: Biteri plazako frontoiko eta Ikastolako zelaiak margotu dituzte, atezaindegiei sareak jarri dizkiete… Denbora eman ez dien arren, Biteri plazan beste eratako jolasak marraztu nahi dituzte lurrean.
Politikariei ea zeintzuk diren haien betebeharrak galdetu diete batez ere ikasleek, baita ea zein konpromiso duten gaur haiek egindako proposamenak garatzeko ere. Zinegotziek erantzun diete, ikastetxeetara gerturatu direla ikasleekin zuzenean hitz egiteko, eta galderak elkarbanatzeko.
