San Joan kontzertua txistu doinuekin
Udal Txistulari taldea Errenteria Musikaleko Dantza ikasleekin batera arituko da.
Udal Txistulariak omenaldi batean. Udal Txistulari Taldeak San Joan bezperan entzuten diren doinuekin kontzertua ondu du iganderako. Madalenaren ermitan izango da, 12.30ean hasita. Musikari, dantza gaineratu diote, eta Errenteria Musikaleko dantza ikasleek osatuko dute emanaldi berezia.
Madalena basilikaren Lagunak Kultur elkarteari eskerrak eman dizkio Udal Txistulari taldeak kontzertua ermitan egin ahal izateko emandako erraztasun guztiengatik. Halaber, gogora ekarri du, pandemia testuinguruaren harira, aforoa mugatuta dagoela osasun eta segurtasun neurriak betetzeko, eta bertaratzen direnei, emango diren jarraibideei kasu egiteko eskatu die.
Donibane, Aurrez aurre, Bigarren aldeko zubiak egiteko doinua, Esku aldatzeko soinua, Saltokakoa, Pordo dantza, kaxkagorria, Frantxiska-Martiña, eta Erromeria doinuak joko dituzte txistulariek igandeko emanaldiak eta horietako asko dantzatuko dituzte Errenteria Musikaleko Dantza ikasleek. Emanaldi ederra, San Joan Suaren bezperetan txistulari taldeak eskainiko duena.
