Isaac Palencia: "Fanderia berrantolatzeko proiektua birplanteatzea eskatzen diogu gobernu taldeari"
Auzoan halako proiektua bideratzeko beharrik dagoenik ez du uste PSE-EEk, harago, proiektua gauzatuta auzoarentzat eta auzotarrentzat kaltegarria izango dela emaitza sinistuta azaldu da.
Gobernu taldeak Fanderia auzoa berrantolatzeko aurkeztu duen proiektuarekin desadostasuna azaldu du alderdi sozialistak, eta hura birpentsatzeko eskatu dio, ez baitu uste auzoan halako proiektua bideratzeko beharrik dagoenik, harago, proiektua gauzatuta auzoarentzat eta auzotarrentzat kaltegarria izango dela emaitza sinistuta azaldu da. Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak eman ditu eskaera egiteko bere alderdiak dituen arrazoiak, eta aurkeztu duten proposamenaren berri ere eman du gaur goizean Herriko Etxean egin duen agerraldian.
Errenteriak mugikortasun arazo larriak ditu alderdi sozialistarentzat, “bai trafikoarekin lotutakoak baita aparkalekuekin ere. Errenterian badira mugikortasun arloan gabezia garrantzitsuak dituzten auzoak: Iztieta-ondartxo, Olibet-Etxe Berriak, Kaputxinoak, Beraun eta Pontika kasu”. Ez du uste ordea, Fanderia auzo horietako bat denik. Palenciak aitortu du arazo batzuk izan badituela, baina unean unekoak direla, “puntualki ibilgailu batzuk ezarritako abiadura gainditzen dute, beste batzuk lerro bikoitzean aparkatu, eta autobusak ere izaten dira auzoaren erdialdean. Horiek hobetu daitezkeela uste dugu nabarmen, gobernu taldearen proiektuak proposatzen duen guztia egin gabe”.
Fanderiako ez da beraz, presazko kontu bat PSE-EEren iritziz, “tamainako proiektua egiteko, diseinatu den moduan, ez dagoelako ibilgailuen intentsitate handirik, ezta aparkaleku arazorik”.
Horrez gain, “planifikazio falta” egotzi dio gobernu taldeari Palenciak mugikortasun iraunkorraren arloan, “Fanderiako proiektua, udalerriaren mugikortasun iraunkorraren arloko planifikazio proiekturik izan gabe egin da, eta autoaren ikuspegitik soilik. Proiektuak berak herriko gainontzeko eremuetan zein motatako ondorioak eta eragina izango dituen ez da kontuan hartu, ezta Fanderiako bizilagunentzat suposatuko duena ere”.
Gobernu taldeak Fanderiarako egin duen proiektuan sakondu du Palenciak, eta desadostasuna azaldu hainbat neurri zehatzekin: “Dario Regoyos kalean aurreikusten den trafiko igoera ez dugu partekatzen. Auzoaren bizitza bertan egiten dute auzotarrek, eta ez zaigu egoki iruditzen Fanderia etorbidean etxebizitzen ondoan aparkalekua baterian ezartzea. Espaloiari espazioa kentzeaz gain, zarata eta isuritako gasen kopuruak gora egingo dute, auzoak gutxiago erabiltzen den espaloi bat duenean. Halaber, neurrien falta sumatzen dugu Touring etorbidean; bertan bat egiten dute hainbat instalazio eta jarduera trafiko arazoak sortzen dituztenak”.
Proiektuaren gaineko informazio falta aipatu du bestalde, Palenciak, “ondoeza eragin du auzotarren artean. Egungo egoera nabarmen aldatzea proposatzen duen proiektu bat bizilagunekin batera lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu”.
Alderdi sozialistak egin duen proposamenaren ildo nagusiak aletu ditu, ondoren bozeramaileak. Besteak beste, abiadura murriztaileak jartzea 10 kilometro ordukoa bermatzeko, sakangune eta sigi-sagen bidez; karga, deskarga eta autobusentzako zonaldez ezartzea; aparkaleku berriak egitea.
“Tamainako proiektuarekin aurre egitea erabakitzen badute, oinezkoentzat espazioa irabaztea ezinbestekoa iruditzen zaigu”, esan du Palenciak, eta horren harira, Fanderia etorbidean autoak baterian aparkatzeko eremua jarri beharrean, aparkaleku disuasorioa egiteko espazio berriak bilatzea proposatu du, “Erramun Astibia kalea izan daiteke horretarako eremu egokia”.
Aparkalekuen proposamena bere horretan mantentzea erabakitzekotan, Eusko Trenen trenbidearen aldera leku aldatzea proposatu du PSE-EEk, “bizilagunengan eragin txikiagoa izan dezan”.
Azken neurri gisa, udaltzain kopurua ugaritzea planteatu dute Fanderian, zirkulazioa eta aparkamenduarekin lotutako arauak betetzen direla bermatzeko.
Fanderiak 1.610 biztanle eta 800 ibilgailu dituela zentsatuta jakinarazi du azkenik Palenciak, aparkatzeko plazak azalean, berriz, 389 dira.