HAPOa berritzeko prozesuaren aurrerakin dokumentua aurkeztu du udalak
Irailaren 20ra arte izango da ekarpenak jasotzeko prozesua zabalik. Hiru modu izango dituzte herritarrek parte hartzeko.
Errenteria-Oreretaren datozen hamabost urteetako hiri antolamendua zehaztuko du HAPOak, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak. Garrantzitsua da beraz, herriarentzat eta herritarrentzat. Egungoa berritzeko prozesua apirilean abiatu zuen udalak, eta orduan esan zuen, herritarrekin batera egin nahi zuela bide hori, herritarrekin diseinatu nahi zuela udalerriaren etorkizuna, datozen hamabost urte horietarako. Gaur, prozesu horren aurrerakin dokumentua aurkeztu du udalak, Aizpea Otaegi alkatearen ahotik. Ez da bakarrik aritu lan horretan. Eneko del Amo Hirigintza zinegotzia eta Maite Gartzia Elkarrekin Errenteriako bozeramailea izan ditu ondoan.
Agintaldiko proiektu estrategikoetako bat dela HAPOa berritzea azaldu du alkateak, eta prozesu konplexu bezain garrantzitsua dela. Urratsak egiten jarraitzen dute, eta horren erakusle da aurrerakin dokumentua publikoa dela jada, “diagnostikoa eginda, aurrerakinarekin ari gara eta une honetan zirriborro bat daukagu”. Zirriborro hori, herritarrekin partekatu nahi dute orain, parte hartzea zabalduta. Apirilean prozesua abiatu eta diagnostikoa egiteko prozesu bat zabaldu zutela ekarri du gogora, “telematikoa izan den COVID-19aren pandemiak ez zuelako bestelako aukerarik eskaintzen, eta nolabait ekarpen dezente jaso genituen. Zehazki, 75 herritarrek egin zuten ekarpena, eta horietatik 30 ausaz aukeratutakoak izan zirela aipatu nahiko nuke. Gonbidapena jaso zuten herritarren artean, 30 izan ziren ekarpena egin zutenak. Lehen aldia izan da parte hartzeko prozesu batean ausaz aukeratutako herritarrei gutuna bidali zaiena prozesu honetan parte hartzeko gonbidapen zuzena egiten geniela esanez”. Ohiko parte hartzaileez gain, beste herritar “perfila” bati ateak zabaldu dizkiotela nolabait gaineratu du Otaegik, eta balioan jarri.
Diagnostiko partekatu horretan aurkitutako erronkak eta horiei erantzuteko proposatutako neurriak biltzen ditu dokumentu zirriborroak. Orain hiru hilabeteko epea izango du udalak prozesua egiteko herritar eta eragileen proposamenak jasotzeko, irailaren 20ra arte. Ekarpen horiek egiteko moduak hiru izango direla zehaztu du, “partaidetzarako foroak zabalduko ditu udalak, bisitak egingo ditu, eta webgunearen bidez ere egin ahalko dira”. Parte hartze telematikoa hilaren 22tik uztailaren 11ra izango da. Nahi duen herritar orok izango du parte hartzeko aukera, “parte hartze hori benetan kalitatezkoa izan dadin, eskura izango dituzte aurrerakin dokumentuaren gaineko galdetegi bat, aurrerakin dokumentua bera, eta aurrerakin dokumentuaren bertsio laburtua”. Parte hartzeko eta ekarpenak egiteko, hemen jarraibideak.
Foro tematikoak sortuko dira, bestalde, eta bost lan saio antolatu dituzte horren barruan, “diagnostiko prozesuan zabaldu ziren edo egituratu ziren gaien inguruan izango dira eta hilaren 28tik 30era izango dira”. Bertan parte hartu ahal izango dute Aholku Kontseiluetako kideek, auzo elkarteek, emakume taldeek, gai zehatzen inguruko eragileek, aurreko fasean parte hartu zuten ausaz aukeratutako herritarrek… Saioak dinamizatuak izango dira, eta oinarrian aurrerakinaren edukiak izango dituzte.
Ekarpenak egiteko hirugarren modua, erabat berritzailea, auzoetara egindako bisitak da. Herriko hamabost auzoak multzoka banatu eta zazpi eremutan banatu ditu eta bisita horietan tokian tokiko gaiak aztertuko dituzte bertatik bertara emakume talde, auzoetako eragile nabarmenekin… Bisita horiek, uztailean izango dira. Foro tematikoetan zein auzo bisitetan parte hartzeko gonbidapena beharrezkoa izango da; foroetan 25 lagunera mugatuko dute parte hartzea, eta bisiten kasuan 10 lagunera, COVID-19 testuinguruak hala derrigortuta.
HAPOa lantzeko prozesuan garrantzitsua izango den fase batean direla gaineratu du alkateak, eta partaidetza eta herritarrek egindako ekarpenak oso garrantzitsuak izango direla, “espero dugu diagnostiko fasean dezentekoa izan bazen, are partaidetza handiagoa lortzea orain”.
Udal batzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiekin ari dela prozesua aurrera eramaten esan du, gainera, Del Amok, “orain arte hainbat lanketa egin dira beraiekin, joan den astean zirriborroa helarazi genien, eta uztailean lehenengo asteetan lan saioa gauzatuko dugu”.
Gartziak bestalde, Otaegik aipatutako herritarren parte hartzearen ideian sakondu nahi izan du eta horretara deitu ditu, ekarpenak egitera.