Ioritz Mendizabalek eta Joan of Arc-ek Frantzia konkistatu dute
Jockey oiartzuarrak beste garaipen bat gehitu dio bere denboraldi ikusgarrian: Prix de Diane Longines saria lortu du, Chantillyn.
Ioritz Mendizabal jockey oiartzuarrak denboraldi ikaragarria darama. Emirates Poule d’Essai eta Prix du Club Jockey lasterketetan nagusi izan zen St. Mark’s Basilica zaldikoarekin.
Oraingo honetan beste lau hankadun irlandar baten gainean lortu du Lehen Taldeko garaipen bat. Joan of Arc hiru urteko behokarekin Diane Longines saria eskuratu du, Chantillyn, Pauen bizi den oiartzuarrak. Hura ere bai Aidan O’Brienek entrenatzen du.
Mendizabalek “magikoa, imajinaezina eta haluzinagarri” bezala definitu zuen atzoko garaipena aurrekoei batu izana.”Imajinatzen ditut nire semeak eta ama telebistaren aurrean oihuka ni animatzen…”.
O’Brien entrenatzailea bere “Aita Noel” bezala definitu du, zaldien prestaketa dela eta. Eskerrak eman dizkio irlandarrari, zaldiekin egiten duen lanarengatik.