Salto-saltoko sutea ikertzen ari dira
Jesus Mari Martiarena alkateak gertakaria salatu, eta atrakzioaren jabeei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk hainbat datu jakinarazi ditu.
Larunbat goizaldean Euskal Herria plazako salto-salto atrakzioa erre egin zen. Udalak jakinarazi du gaiaren gaineko ikerketa abian dela, sutea zerk edo nork eragin zuen jakiteko. “Ikertzen ari gara istripua izan zen, edo duela zenbait asteburu inguru hasi ziren ekintza bandalikoen jarraipena izan den”, jakinarazi du Jesus Mari Martiarena alkateak. Herritar guztiei “gizalegez” joka dezatela eskatu die alkateak, “pandemia sufritzen jarraitzen dugu, eta ezarritako arau guztiak errespetatu behar ditugu”, erantsi du.
Udalak jakinarazi du herritarrek 04:00ak aldera izan zutela sutearen berri, inguruan hainbat leherketa entzun zituztelako.
Alkateak elkartasun mezua bidali die haurrentzako gailuaren arduradunei: “Argi dagoena da gertaera honek hondamendi ekonomikora eramaten duela familia xume bat”.
EH Bilduren informazioa
EH Bilduk gaiaren gaineko datu gehiago eman ditu. Larunbatean bertan udaltzainekin eta atrakzioaren arduradunekin bildu ondoren, suhiltzaileek ez zuten unean jakin izan sutea zergatik gertatu zen. Itxura “arraroa” zuela esan zieten udaltzainei, ordea. Alta, salto-saltoaren materiala suaren kontrakoa dela zehaztu dute, eta argindarraren konexioa ongi zegoela.
Horrez gain, ostiraletik larunbaterako gauean aparteko kale-zurritik ez zela izan jakinarazi dute koalizioko kideek, udaltzainek esandakoetan oinarrituta, hau da, ez zela aurreko asteburuetan izandako kaleko giro jendetsurik izan herrian.