Oiartzungo nesken talde nagusiak garaipenarekin bukatu du denboraldia
2-3 irabazi dute Logroñesen estadioan. Nesken hirugarren taldeak berdindu egin du, eta areto futboleko bi ere garaipena lortu dute.
Oiartzun Kirol Elkarteko Lehen Nazional Mailako taldeak denboraldia bukatu du. 26 partidako maratoiaren ondoren, hirugarren postuan bukatu du emakumeen talde nagusiak.
Mailari eustea lortu dute, 39 punturekin. San Inazio liderrarengandik bederatzi puntura geratu dira sailkapenean, eta Gasteizko Aurrerarengandik bostera. Denboraldi gogorra izan da, bai baldintza orokorrengatik, baita pairatu dituzten lesioengatik ere.
Larunbatean Logroñon jokatu zuten ligako azkeneko partida. Maria Granado eta Enara Louvelliren —honek bi— golek eman zizkioten hiru puntuak.
Partida aldapan gora hasi zuten. Errioxarrek bi gol sartu zituzten, eta 2-0eko emaitzarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian modu bikainean eman zioten buelta markagailuari.
Emakumeen hirugarren taldeak ere asteburu honetan bukatu du Gipuzkoako Gorengo Mailako denboraldia. Etxean berdindu dute, Santo Tomas Lizeoaren kontra. Ane Cruz eta Eitza Arriaranek sartu zituzten golak.
Areto futbolean, garaipenak
Areto futbolari dagokionez, Oiartzun KE izenpean aritzen den taldeak 4-3 irabazi zion Lauburu Berazubi Fisioterapia Ibarrako taldeari. Modu horretan, Gipuzkoako Udaberri Txapelketako lehenengo postuan bukatu du, nahiz eta atzeratu zen partida bat jokatzeke duen.
Miren Tabernak hiru partida ditu zintzilik. Asteburuan jokatutakoa poltsikoratu egin zuten, Bar Cachon Errotabururi 3-6 garaituta.