Oiartzungo pilotariak herriarteko finalera iritsi dira, laugarren aldiz
Alegiako pilotarien kontrako partida guztiak irabazi dituzte finalerdietan. Azpeitia izango dute arerio, larunbat arratsaldean. Kadeteetan, txapela Oiarperentzat.
Oiartzun laugarren aldiz arituko da Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalean. Ostiral arratsaldean berretsi zuten finalerako txartela. Izan ere, joaneko hiru partidatan alde handiz irabazita, ia ziur zuten txartela. Badaezpada ere hiru partidetan nagusi izan ziren pilotari oiartzuarrak.
Kadeteetan, Mikel Leonet eta Unax Landa pilotariek osatutako bikotea 22-8 nagusitu zen. Gazte Mailan, berriz, alde handiagoa lortu zuten Ibai Mitxelena eta Haitz Aranburuk. Nagusietan, Imanol Ugalde eta Ekaitz Salaberriak 13 tantotan utzi zituzten alegiarrak.
Finala larunbatean jokatuko dute, 16:30etik aurrera, zehazteke dagoen pilotalekuan. Azpeitia izango dute aurrez aurre, txapelketan azken hamar urteetan nagusi izan direnak.
Kadeteetan, txapeldun
Bestalde, Oihan Etxeberria-Ekain Mitxelena bikoteak kadeteetako Udaberri Txapelketa eramatea lortu zuten ostiral arratsaldean. Zazpi Itturri Amezketako taldearen kontra 22-8 nagusitu ziren Azkoitiko Gurea pilotalekuan.
Oiarpeko pilotariek beste hiru partida jokatu zituzten —tartean final bat—, baina ez zen zorte onik izan. Emaitza guztiak hemen klik eginda ikus daitezke.