Eguzki: "Pixoihalak birziklatzeko ordua heldu da"
Talde ekologistak eskatu du pixoihal eta higiene produktuak bereizteko, horiek birziklatzeko modua badagoelako. Hainbat herritan bereizita jasotzen direla nabarmendu dute.

Hainbat herritan pixoihalak jasotzen direla jakinarazi du Eguzkik. Irudian, Ordiziako edukiontzi bat [Arg.: Ordiziako Udala].
Oarsoaldeko Eguzkik pixoihalak eta higiene produktuak birziklatzeko garaia dela uste du, “pauso bat aurrera emanda”. Izan ere, Gipuzkoan “prest” dauden enpresak daudela gogorarazi dute.
“Gipuzkoan bada Birzitek deituriko enpresa bat Goierrin, pardelak eta higiene produktuak birziklatzeko gaitasuna duena. Teknologia eta ezagutza baditugu, baita lehengaia ere, zeren zain gaude?”, galdetu dute.
Pixoihalek eta higiene produktuek 20.000 tona inguru suposatzen dutela gaineratu du Oarsoaldeko Eguzkik. “Hondakinak ondo bereizi eta gero geratzen den errefusaren %70 dira produktu hauek”, adierazi dute. Beraien ustez, urrats horiek egitea “mundu mailako erreferentzia bihurtzea” litzateke.
Gipuzkoako Foru Aldundiak birziklatzearen klusterra 2016an sortu zuela gogorarazi dute, eta hor barruan dagoela Birzitek. “Horri gehitu behar zaio”, gaineratu dute, “udalerri askotan produktu hauek bereizita jasotzen direla. Mankomunitateka herri kopuru hauetan jasotzen dira: Sasietan (hamasei herri), Tolosaldea (lau), Urola Erdia (bat), San Marko (hiru) eta Debagoiena (bi.)”.
Fardel eta produktu higienikoak birziklatzea berriro eskatzen bukatu dute prentsa oharra.