Bidegorria leku poetikoa izango da uztailaren 3an
Lehen Poesia Eguna egingo dute uztailaren 3an, bidegorrian zehar, ura ardatz dutela. Hiru gunetan banatuta egingo dituzte ekitaldiak.
Bidegorria ariketa fisikoa egiteko aire libreko gune nagusia da Oiartzunen. Juvenal olerkari erromatarrak esan zuen bezala, buru argia gorputz osasuntsuan izan behar da.
Egunerokoa den ariketa fisikoari beste mota bateko ariketa batuko zaio uztailaren 3an: Poesia Eguna egingo dute, estreinakoz, bidegorrian zehar. Kulturabirusaren barruko ekitaldia izango da.
Antolatzaileek Poesia Egunak izango dituen osagaien berri eman dute. Lehenik eta behin, ura; hamar herritarrek elementu likidoa ardatz duten poemak irakurriko dituzte.
Hiru gune izango dira, eta bi aktore aurkezle lanetan. Harkaitz Canoren errezitaldia ere gehitu diote programari. Ibilbidea gidatuko duten aktoreekin sorpresa egongo dela adierazi dute, eta gauza bakarra aurreratu dute: bainujantzia eramatea (sorpresan parte hartu nahi duenak).
Beilatokiko parkingetik abiatuko dira, 11:00etan. Sarrera erreserbatu egin beharko da lehenago, Oiartzungo Turismo Bulegoan (10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara).