Babesle, amabitxi eta aitabitxiak lagunduta aurkeztu ditu Hibaikak bere bi ontziak
Hibaika Arraun Elkarteak gaur aurkeztu ditu bere bi ontziak. Papresarekin hitzarmena sinatu du arraun elkarteak gaur, eta orain arteko konpromisoa sendotu.
Hibaika Arraun Elkarteak gaur aurkeztu ditu bere bi ontziak. Herritik sortutako elkartea da Hibaika eta herriarekiko konpromiso horretan dihardu Errenteria-Oreretaren izena lau haizetara zabaltzen, udalerriaren egunerokoan inplikatzen, eta bide horretan urrats bat da, keinu bat, bi ontzien brankatan margotu duen ortzadar bandera. Herriak bezala, palada bakoitzean aniztasunaren itsasoan sakontzeko apustua egin du Hibaikak.
Arraunlari guztiak bertan, seniorrak, eta horien ondoan arnasa ezinbestekoa den harrobia. Ez dira bakarrik izan ontzien aurkezpenean, izan ere, Papresarekin hitzarmena sinatu dute aurkezpen ekitaldia baino lehen, eta bertan izan dira beste babesleak ere. Aurtengo amabitxia eta aitabitxia ere aurkeztu dituzte gaurko ekitaldian: Jesus Mari Zamora futbolari ohia eta Leire Fernandez 23 urteko mendi lasterkari errenteriarra izango dira.
Biak belaunaldi ezberdinetakoak, baina kirolari lotuak eta mezu hori zabaldu dute Hibaikaren amabitxi eta aitabitxi izatearen ohorea eskertu ondoren, gozatu dezatela kirolarekin, eta jarraitu dezatela denboraldi bat, eta beste bat eta beste bat… Zamorak gaineratu du, harrotasunez ordezkatzen duela Errenteria deitzen dioten bakoitzean.
Hibaikako presidente Jon Otegik eskerrak eman dizkie arraunlari guztiei gaurko ekitaldiarekin bat egiteagatik, baita Hibaikaren babesle guztiei ere. Papresari ere eman dizkio eskerrak Otegik: “Aurten ikusgarri egiten ari gara aurretik genuen harreman bat, urteetan mantenduko duguna. Azken hori garrantzitsua da bultzada emateko gazteei eta traineruei. Aurten ahal dugun lekura helduko gara, kidetasuna, esfortzua eta konpromisoarekin”. Hibaikaren aurpegi izango diren Fernandez eta Zamorari ere eskerrak eman dizkie.
Senior emakumeen eta gizonen entrenatzaileek ere hartu dute hitza gaurko aurkezpen ekitaldian. Iñaki Mendizabal emakumeen entrenatzaileak, babesa eskertu du eta klubean birmoldaketa lanetan ari direla esan du, dagoeneko berritze horretatik hasi dutela lehia. Ahal duten onena emateko konpromisoa berretsi du. Gizonen entrenatzailea da Imanol Cascante eta, eta lehenengo estropada “eskasa” izan bazen ere, hobetzen ari direla esan du, eta zaila izango bada ere, KAE2ko hirugarren postua borrokatzera doazela esan du, “estutu eta helburua agian anbizio handikoa da, baina bila joan behar dugu, ez da bakarrik iritsiko. Lanean jarraituko dugu”.