Etxe konposta egitera animatzeko informazio kanpaina
Informazio postuak bihar eta etzi jarriko dituzte Fanderian eta Alabergan, hurrenez hurren, 11:00etatik 13:00etara.
Herritarrak biohondakinak konpostatzera animatu nahi ditu udalak. Horretarako informazio kanpaina egingo du eta horren barruan postuak jarriko ditu bihar Fanderian eta etzi Alabergan, 11:00etatik 13:00etara. Azalpenak emateko bi konpostaje teknikari izango dira aipatutako postuetan, eta konposta nola egiten den, nola erabili daitekeen, zer tresna behar diren, eta beste hamaika zalantza argituko dizkiete bertaratzen diren herritarrei.
Etxeko hondakin organikoak kudeatzeko hiru aukera dituzte egun errenteriarrek: kaleko edukiontzi marroira eramatea, etxean konpostatzea, edo auzokonposta gunea erabiltzea. Modalitate bakoitzak, gainera, hobaria du hondakinen zergetan, etxeko konposta eta auzo konpostak %35eko hobaria du erreziboan, eta edukiontzi marroiak, %27koa.
Konposta egiten duten familien kopuruak gora egin duela azaldu du udalak. Horretara animatu ditu errenteriarrak, “beren hondakin organikoak konpostatzera; ingurumenari laguntzearekin batera, poltsikoan ere nabarituko baitute gauzak ondo egitearen eragina”.