Ion Collarek zinegotzi kargua utzi du
Xabi Sanchez Agirregomezkorta sartu da haren ordez, eta Kultura arloa Maite Gartziak kudeatuko du aurrerantzean.
Pleno deialdiarekin batera heldu zen berria joan den astean. Ion Collar Erlkarrekin Errenteriako zinegotzia eta Kultura arduradunak kargua utziko zuen gaur ofizialki. Hala izan da, plenoak aztertu duen azken puntua izan da bere kargu uztea. Haren ordez, Xabi Sanchez Agirregomezkorta arituko da udalean, eta Kultura arloa, berriz, Maite Gartzia Elkarrekin Errenteria hautesle elkargoaren bozeramaileak hartuko du.
Azken hitzartzea izan du gaurkoa Collarrek plenoan zinegotzi gisa berak esan duen moduan, eta “agur pandemiko telematikoa” egin du. Gaur politika instituzionalari amaiera eman diola esan du, baina politikan ezinbestean jarraituko duela, “politika dena delako, jaten duguna, zer eta non erosten dugun, gure jarrera lantokian, gure egunerokoan…”. Beste ideia bat bota du bere agurrean, jakin behar dela noiz joan eta agurra baino, esker hitzak izan dira bere hitzartzea. Esker hitzak alderdikideei, baina baita beste zinegotziei ere, eta batez ere haren hitzetan sei urte hauetan nagusiak izan dituen 40.000 herritarrei, “haiei eskertu behar diet errespetu handiz tratatu nautela, eta hori nirekin daramat”.
Sei urte sakon, zazpi egun 24 orduz aritu dela esan du Collarrek udaletik lanean: “Akatsekin eta zuzen egindakoekin, baina denetatik ikasten da. Ohorea izan da espaizo honetan aritzea eta asko ikasi dut”. Zorte ona opa die zinegotzi guztiei, alderdikide izan dituenei, baina baita oposiziokoei ere, “herritarron hobe beharrerako izango baita, onerako herrien herri den Errenteriarentzat”. Instituziotik kanpo, baina argi esan du, Podemosen jarraituko du, Elkarrekin Errenterian.
Aipamena egin die Julen Mendoza alkate ohiari eta taldekide izan duen Jose Manuel Ferradasi: “Zuen ausardia eskertu nahi dut, 2011n urrats ausarta egin zenutelako”. Irune Balentziaga ere izan du gogoan, EH Bilduko zinegotzi ohia Kultura arduradun izan zen Collarren aurretik, “berak jarri zituen oinarriak”. Maite Gartziari, zorterik onena opa dio azkenik.
Itziar Ostolaza EH Bilduren izenean mintzatu da, eta eskerrak eman dizkio Collarri: “Ausardia izan zenuten 2011n EH Bilduk eta Ezker Batuak zabaldu zuten bideari segida emateko 2015ean, sinistuta Errenteriaren eraldaketa posible egiteko bloke zabala zegoela”. Zorterik onena opa dio.
Aizpea Otaegi alkatea bide beretik mintzatu da. Eskerrak eman dizkio Collarri: “Uste dut ekarpen garrantzitsua egin diozula Errenteriari. Gure herrian pisu handiko arlo bat gidatzea tokatu zaizu, gure herriarentzat estrategikoa dena, eta uste dut azken urteetan garapen garrantzitsua egin duela”. Arlo horretan egindako lana zoriontzekoa dela gaineratu du, baina erreferentzia egin die halaber, Collari egokitutako beste lanei: “Talde baten bozeramailea ere izan zara, espazio ezberdinetan aritu zara, eta koalizio gobernuan kide esanguratsua izatea tokatu zaizu. Guzti horietatik egin duzu ekarpena. Eskerrak eman eta zorte ona opa dizut. Politika ez da soilik instituzioetatik egiten, beraz, eremu zabala duzu jarduteko eta ekiteko. Zorterik onena etapa berrian”.