San Markoko gotorlekura, tren berdean
Lau irteera egingo ditu Tulle kaleko autobus geltokitik, ostegunetan.
Errenteriako Udalak tren berdea zerbitzua jarriko du martxan uztailaren 1etik –osteguna– aurrera Bizarain mendian dagoen San Marko gotorlekura igotzeko. Zerbitzua doakoa izango da, eta uztaila eta abuztuko ostegunetan eskainiko du Tulle kaleko autobus geltokitik abiatuta orduero 10:00etatik 13:00etara. Hau da, lau zerbitzu izango dira igotzeko ostegunero, eta beste hainbeste gotorlekutik jaisteko 10:30etik 13:30era orduero. Tulle kaleko geldialdiaz gain, Beraun kaleko 11 zenbakiaren parean ere geldituko da tren berdea.
Egunean joan etorri bakarra egin daiteke, eta adin txikiko guztiak arduradun batekin joan behar dute –gehienez sei adin txikiko heldu batekin–.
Itzulerarako garraio publikoa erabiltzeko aukera ere badago, joanaldirako bezala; U7 autobus lineak orduero lotzen du Errenteriako hirigunea Zamalbide eta Perurenarekin.
Informazio gehiago San Marko gotorlekuko informazio puntuan edo 943 44 46 38 telefono zenbakian, Errenteriako Turismo Bulegoan edo 943 49 45 21 edo posta elektronikoan eskatu daiteke.