Badia Eskolako Zaskanduri taldeak igandean emanaldia eskainiko du, 19:00etan, Juanba Berasategin. Sarrerak doan eskura daitezke udalerriko liburutegietan.
Zuloak antzerki lana eskainiko dute igandean, Badia Eskolak antolatuta, 19:00etan hasita, Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. Eskolako 17 urteko 5 gaztek (Zaskanduri) sortutako ikuskizuna da, sexu heziketaren inguruko hausnarketetatik ateratakoa. Pertsonala zein kolektiboa, ikasturte osoan emandako elkarrizketaren zein errealitatea haien begietatik begiratzearen ondorioa.
Eskolako kideek aitortu dute emanaldia eskainiko duten ikasleek ausardiaz hartu dutela gaia, “ematen ez diren elkarrizketei abiapuntua jarriz eta hausnartzera gonbidatuz”. 2019ko ikasturtean hasi ziren ideia lantzen eta pandemiak erdibidean utzi zituen. Orain, berriro ekin ahal izan diote gaiari: “pandemiak mugatu digun adierazpena kontuan izanik, are eta garrantzitsuagoa izan da antzerkia berrartzea eta gazteen interesei lekua ematea”.
Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da egoerak eskatzen duen gehienezko edukiera kontrolatu ahal izateko. Pasaiako liburutegietan daude eskuragarri.
Sinopsia: Hezkuntza sexuala zuloz beteta dago. Zein zimenduetan eraiki da hamazazpi urteko gazte baten sexualitatea? Gehiegi dakigu deskubritzear dagoen unibertso horren aurrean. Kontzentziarik gabe, plazerik ez.