11 kilo zabor jaso ditu Seabinek astebetean Pasaiako uretatik
Hilaren 21etik 28ra 3.400 hondakin puska baino gehiago bildu ditu itsas zaborrontziak, horien artean zigarrokin, tabako bilgarri eta litxarreri poltsak.
Seabin itsas zaborrontziak hilaren 21etik 28ra jasotako emaitzen laburpena ezagutarazi du Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak: zazpi egun horietan zehar 3.415 hondakin zati bildu eta aztertu dituzte.
Jasotakoen artean mikroplastikoak eta plastiko zati identifikaezinak izan dira gehienak, baina, horiez gain, uretan zeuden zenbait zigarrokin, paper pusketa, tabako bilgarri eta litxarreri poltsa ere jaso dituzte, besteak beste.