COVID-19aren aurkako txertoen unibertsalizazioa galdegin du plenoak
Aztertutako gaien artean, Amnistia Internacionalek, Mugarik Gabeko Medikuek eta Oxfam Intermonek aurkeztutako mozioa zegoen. Eskaera zehatza, COVID-19aren aurkako txertoa mundu osoan eskuratzeko eskubidea bermatzea.
Udalbatzak ohiko osoko bilkura egin zuen atzo. Aztertutako gaien artean, Amnistia Internacionalek, Mugarik Gabeko Medikuek eta Oxfam Intermonek aurkeztutako mozioa zegoen. Eskaera zehatza, COVID-19aren aurkako txertoa mundu osoan eskuratzeko eskubidea bermatzea. Aho batez babestu zuten mozioa alderdi guztiek. Ion Collarrek hartu zuen hitza Elkarrekin Errenteriaren izenean. Ezinbestekoa dela osasuna oinarrizko eskubide unibertsal gisa bermatzea esan zuen bere hitzartzean, are gehiago mundu pandemia testuinguruan: “Pandemiak denoi eragiten digu, eta txertoen patenteen liberalizazioa bultzatu behar da, besteak beste, horietan diru publikoa erabili delako, baita ezagutza komunak ere. Irisgarriak behar dute txertoak guztientzat, bizi dugun egoera iraultzeko egun dugun argi izpi bakarra delako”.
Pasa den igandean txertoaren lehenengo dosia jarri zuela kontatu zuen Collarrek eta “zorionekoa” sentitu zela: “Hiru txertoren artean aukeratzea dugu. Gutxi barru, Afrikara noa familiarengana, han ez dute txertorik. Kuban txertoak dituzte eta prest dira zabaltzeko, baina xiringak falta zaizkie. Uste dut instituzioei dagokigula bultzatzea egoera aldatzeko, baita udalei ere”.
EAJko bozeramaile Elixabete Muruak pandemiak bizitza guztiei aldatu diela nabarmendu zuen. Datuak ere eman zituen, “2,5 miloi hildako eragin ditu COVID-19ak eta 103 milioi kutsatu; birusa pairatu dutenen artean ondorio psikologiko eta fisiko latzak utzi”. Pandemia mundu osoan gainditu behar dela esan zuen, “bestela ez delako gaindituko”, eta munduko herrialde guztietara txertoa heltzea ezinbestekotzat jo zuen. Isaac Palenciak, PSE-EEko bozeramaileak berehalako erantzuna behar dela esan zuen txertoak mundu zabalera iristeko, “irisgarritasun unibertsal eta bidezkoa bermatu behar da. Ezinbestekoa da elkartasuna eta ezinbestekoa da osasun sistemak indartzea”.
Bernar Lemosek hartu zuen hitza azkenik EH Bilduren ordezkari. Gorka Elejabarrietak Madrilgo senatuan egindako hitzartzeari egin zion erreferentzia lehenik eta hura entzun edo ikusteko aholkatu zien guztiei. Mozioan sartuta, osasun publikoko larrialdi latzenetako bat dela honakoa esan zuen, “aurrekaririk gabeko premia egoera batean”. Lehentasuna pandemia suntsitzea dela esan zuen Lemosek, eta milaka bizitza salbatzea. Bide horretan erronka nagusia berriz bere hitzetan ere, patenteak liberalizatzea, “izan ere, patenteak askatzeak, bizkortu egingo luke ekoizpen prozesua eta txertoak errazago banatzea legoke mundu osoan”. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko Felipe Carvalhoren hitzak ere ekarri zituen gogora EH Bildukoak atzoko saioan: “Laborategiek ez dute galdu nahi teknologien kontrola, baina ezinbestekoa da ezagutza partekatzea larrialdi egoera honetan bereziki”. Funts publikoekin eta boluntarioekin egin zirela entsegu klinikoak nabarmendu zuen gainera Lemosek, “horrenbestez, txertoek ondare publiko behar dute izan”.
Mugarik Gabeko Medikuek eskaera zehatza egin dutela esan zuen, “txerto bat pertsona bakoitzarentzat. Pertsona guztiengana heldu behar du, guztiak txertatuta egon arte ez gaudelako salbu. Ezin da patenteez hitz egin, osasuna eta bizitza lehenetsi behar dira. Osasuna ez da negozioa, inbertsiorik onena baizik. Osasun publikoan eta ikerketan egindako inbertsioak ez du preziorik, etekina neurtezina delako”.
Konfinamendu betean balkoietatik egindako txaloak ere ekarri zituen gogora Lemosek atzoko saioan, “txalo horiek, mozio honi emandako baiezko biribila bihurtuko ditugu”.