Tokiko gobernantza eredua birpentsatzeko espazio bihurtuko da Lekuona Fabrika
EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean antolatu du Errenteriako Udalak bi eguneko ikastaroa Lekuona Fabrikan.
COVID-19aren pandemiak birsortu eta birpentsatzera bultzatu du jendartea, ezinbestean. Beste hainbeste gertatu da politika publikoekin; horiek egiteko testuinguruan eragin du pandemiak, aldatu egin ditu, eta atzetik gizarteak zituen hainbat erronka esplizitatu edota azkartu egin ditu: digitalizazioa, zaintza sistemen hauskortasuna, aldaketa klimatikoa… Politika publiko horiek egiten gertuen diren erakundeak udalak dira, horiek dira herritarrengandik hurbilen daudenak. Pandemiak, herritarren ongizatea bermatzeko udalek instituzio gisa jokatzen duten paperaren inguruko kontzientzia indartu du, bestalde eta praktika berriei bidea ireki.
Gobernantza publiko komunitarioa garatu du Errenteriako Udalak, beste hainbat tokiko entitatek egindako moduan. Udalgintzan edo munizipalismoa oinarri hartuta garatutako tokiko politikek hainbat ezaugarri dituzte, bai prozesu ikuspegitik, baita emaitzaren aldetik ere, eta COVID-19aren testuinguruak, molde berriekin bada ere, udalgintza publiko komunitarioan sakontzeko aukera eskaini dien zalantzarik ez du Aizpea Otaegi alkateak gaur eguerdian Itziar Ostolazarekin Partaidetza zinegotzi gisa gaurkoan, eta Igor Alvarez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako zuzendariarekin egin duen agerraldian azaldu duenez. Agerraldi horretan, Errenteriako Udalak EHUko Uda Ikastaroekin elkarlanean antolatu duen ikastaroaren berri emateko egin dute. COVID ondorengo tokiko gobernantza publiko-komunitarioen erronkak ikastaroa hartuko du Lekuona Fabrikak irailaren 9an eta 10ean eta gaur eman dituzte xehetasun guztiak.
Ikastaroaren helburua hirukoitza da: udalgintza publiko komunitarioaren inguruko teoria mailako ekarpenak ezagutzea; COVID testuinguruko politika publikoen praktika zehatzak partekatzea; eta COVID ondorengo tokiko politiken erronken inguruan gogoetarako tartea zabaltzea.
Ikastaroan 27 hizlarik hartuko dute parte, eta askotariko arloak, guztiak interes handikoak jorratuko dituzte bi egunetan. Gobernantzari buruz hitz egingo dute, baita esparru sektorialen politika publikoen inguruan ere. Hala Hurbileko instituzioen begirada, zaintza esparrua, hezkuntza, begirada feminista, teknologia askeen garapena, iraunkortasun politikak, hiri antolaketa, edota tokiko garapenaz arituko dira hizlariak. Alkateen mahai ingurua ere antolatu dute. Bertan arituko direnen artean, besteak beste, Julen Mendoza Errenteriako alkate ohia, Joan Subirats, Laura Gomnez, Silvia Piris, Irati Mogollon, Felix Arrieta, Olaia Jimenez, Xavier Besalu, Maribel Fernandez, Norma Vazquez, Saioa Iraola, Igor Leturia, Iñaki Alegria, Jaione Martinez, Isa Alvarez Vispo, Joseba Azkarraga Etxagibel, Unai Pascual, Zaida Muxi Martinez, Miren Vives Urbieta, Patxi Galarraga, Miren Estensoro, Beñat Irasuegi Ibarra, eta Oihane Zabaleta Mujika.
Unibertsitatea Errenterian
Lehen aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena; eta ez da nolanahikoa aukeratu duen ekitaldia estreinaldia egiteko. Hala ere, aurretik elkarlanean ari da udala Unibertistate publikoarekin eta balioan jarri du Otaegik jorratutako bidea eta elkarlana. Beste ideia bat zabaldu nahi izan du ikastaroaren inguruan alkateak, “pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenterian, eguneroko praktikaren zurrunbiloari pausatzeko abagunea eskainiz. Izan ere, lankidetzarako eta herriaren garapenerako hainbat proiektu martxan ditugun honetan, HAPOAren prozesua edo Lekuona Fabrika bera, kasu, gogoetarako espazio honek gure prozesu propioak elikatzeko aukera eskainiko digu, gure jarduna hobetzekoa”.
Itziar Ostolaza ikastaroaren zuzendaria ere bada, eta berak xehatu ditu izena emateko moduak. Dagoeneko zabalik dago izena emateko eta programa ikusteko aukera webgunean. Ikastaroaren prezioak ere bertan kontsulta daitezke. Presentzialki edo online formatuan parte hartzeko aukera dago.
Matrikula prezioa EHUren gainontzeko ikastaroetako bera izango da Errenteriarrak ez direnentzat; Errenteria-Oreretan erroldatuta daudenentzat, berriz, doakoa izango da izena ematea.
EHUren Uda Ikastaroen erronketan, gobernantza
Alvarezek azaldu duenez, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetako arduradunek egungo kudeaketa ereduak birpentsatzeko zein birdefinitzeko, eta erakunde eraginkor eta demokratikoagoak eraikitzeko garaia dela uste dutela, “gobernuaren eta gizartearen artean oreka osasungarria ezarri beharra dago, hiritarrei aukerak sortu eta arazoak konpontzeko”. Horren harira, hainbat gairen inguruan eztabaida sortu nahi dute, esaterako, Espainiako Estatuko Konstituzioa eraldatzeko dauden mugen eta erronken gainean; administrazioa herritarrei gerturatzeko moduei buruz, edo pertsonen benetako parte hartzea ahalbidetuko duen garapen komunitarioa lortzeko gakoez.
Lekuona Fabrikak hartuko duen ikastaroak bete-betean jorratuko ditu azken bi gai horiek, “eraldaketaren bidean hausnarketa egitea ezinbestekoa delako”. Ikastaroen egoitza nagusia Donostiako Miramar Jauregia da, baina ikastaroak ibiltariak dira. Ideia horretan sakondu du Alvarezek, “Ibiltaria programaren helburuetako bat ikastaroak euskal geografia osora zabaltzea da, eztabaidak sortzen diren lekuetan aztertzeko gai bakoitza”.
Lekuona Fabrikako sorlekuak hartuko du ikastaroa; izenak ongi dion moduan, hausnarketa sortzaile ugariren topagune bihurtuko da.