Aparkatzeko ordenantza berriari ekarpenak egiteko deia egin du EH Bilduk
"Anbiziorik gabeko" iritzi dio oposizioko taldeak planteamendu berriari. Pasaitarrak euren ekarpenak egitera animatu nahi izan dituzte.
Joan den hil bukaeran iragarri zuen Pasaiako Udalak herritarrek aparkatzeko izango duten ordenantza berriaren lanketa martxan dela. Hura osatzeko ezinbestekotzat jo du EH Bilduk herritarren parte hartzea, eta hala, dei egin die pasaitarrei plangintzari euren ekarpenak egiteko (hilaren 12ra artekoa da epea).
Koalizioak aditzera eman du, halaber, irailean bilera irekiak egingo dituztela barruti guztietan, herritarrek aparkalekuen gaiaren inguruan dituzten kezka eta proposamenak jasotzeko. Izan ere, oposizioko kideek uste baitute udal gobernuak “ez duela interesik” pasaitarrek aktiboki parte har dezaten.
PSE-EE eta EAJren udal gobernuaren ordenantza berriaren gaineko iritzia ere eman dute bilkideek: “Argitara eman dituzte araudi berriak jaso nahi duenaren zertzelada batzuk, eta EH Bilduk izan duen lehen inpresioa ez da batere ona izan: planteamendu sinpleegia eta anbiziorik gabea aurreikusten dugu, udalerri osoa inola ere arautuko ez duena”.
Plangintza berriaren gaineko proposamenak bi modutan helaraz daitezke: Pasaiako Udaltzaingoari mezu elektronikoa idatziz, edota Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoen bidez.