'Argiak, kamera, moda!' erakusketa Jantziaren Zentroan
Film zehatz baterako sortu eta modaren historian betirako geratu diren hamar jantziren inguruan erakusketa antolatu du Jantziaren Zentroak.
Zinemako jantziak aukeratu ditu Jantziaren Zentroak erakusketarako. Film zehatz baterako sortu eta modaren historian betirako geratu diren hamar jantziren inguruan erakusketa antolatu du Jantziaren Zentroak. Emakumeen hamar jantziren erreprodukzioak egin dituzte, besteak beste, Haizeak eramana, Ozeko aztia, Gilda edo Pretty Woman. Jantzi bakoitzaren ondoan informazioa jarri dute. Sortu zuen diseinatzailearen izena, egindako lana, aktorearen zein filmaketaren bitxikeriak, eta filamren kartela ere.
Aukeratu dituzten hamar jantzietatik hiruk irabazi dute jantzi onenaren Oscar Saria: Oporrak Erroman (1953), My Fair Lady (1964), Titanic (1997).
Hamar jantziak Kapitain Etxeko alfonbra gorrira ekarri ditu jantziaren zentroak, bihar zabaldu eta irailaren amaiera arte luzatuko den erakusketa bereziarekin. Helburua, ezezagun diren diseinatzaile horiek zeintzuk ziren, zinema munduan egindako lana, sortutako jantziak, eta modaren historian izan zuten eragina zabaltzea da. Horren berri emateko, irailean larunbata gauetan bisita gidatu bereziak egingo dituzte.
Erakusketa doakoa da eta sarrerako solairuan dago ikusgai larunbatetan 11:00etatik 1400etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.
Ikusleak izar
Zinemako izarren jantziak ikusteaz gain, jantzi dotorea soinean duen maniki bati bisitarien besoak eta aurpegia jartzeko aukera izango da. Argazkiak atera eta sare sozialetan zabaltzera deitu du Jantziaren Zentroak.
Ilunabarretan gainera, bisita gidatuak antolatu dituzte bigarrenez, iazko arrakasta kontuan hartuta. Hilaren 10ean eta 24an, eta abuztuaren 7an eta 21ean izango dira 20:00etan euskaraz eta 21:00etan eta 22:00etan gazteleraz. Ordu eta erdiko bisita gidatu berezia da Jantziaren Zentroko bi solairuetan erakusketa iraunkorra ezagutzeko. Prezioa, 5 euro.
Parte hartzeko izena eman behar da 943 49 45 21 telefono zenbakira deituta edo posta elektronikora idatzita.
