[Elkarrizketa] «Udaletik bakegintzan egindako lana oso barruan eramango dut»
Sei urteko bidea udal politikan eginda, agur esan du Errenteria Elkarrekin hautets elkargoko zinegotziak. Erretiratzen jakin behar dela azaldu du errenteriarrak, eta bere lekukoa esku onetan utzi duen zalantzarik ez du.
Ion Collar Rioseco, Kultura zinegotzi ohia. 2015ean heldu zinen udalera. Agintaldi eta erdi beteta, bazoaz. Arrazoiak?
Badakizu zergatik sartzen zaren honetan, baina ez dakizu noiz eta nola aterako zaren. Behin egonda, oso garrantzitsua da nire ustez jakitea noiz utzi behar duzun, noiz atera behar zaren. Oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat, ohore bat, herri honen eraldaketaren parte bat izatea instituziotik. 2015ean heldu nintzen instituziora, baina beti aritu izan naiz herrigintzan, kulturan, gazteekin… Eta inoiz ez nuen sigla politikorik izan.
Politika instituzionalean ordezkatu duzun alderdiarekin batera sortu zinen.
Hala da. Erronka egin genuen eta kalean biltzen hasi ginen aztertzeko ea aukera genuen zerbait sortzeko, argi izanda herrigintzan aritu nahi genuela. Zirkuluan biltzen hasi ginen eta gero erabaki genuen Errenteria Irabaziz hautesle elkargoa sortzea Podemosek, Ezker Batuak, Equok eta independenteek. Aurrera atera zen, emaitzak lortu eta gobernu taldean sartu ginen. Nik uste dut eraldaketarik handiena 2011n eman zela, udal gobernu aldaketarekin Julen Mendoza alkate izendatuta. Ezker Batuaren babesarekin egin zuen aurrera, gehiengo osorik gabe. Hori mugarria izan zen gure herriarentzat. Errenteria Irabaziz sartu zenean, hurrengo agintaldian jada, gehiengo osoarekin izan zen. Eraldaketa, baina, 2011n heldu zen. Bi agintaldietan izan naiz alkategai, eta gehienez bi agintaldi emango nituela udalean argi nuen hasieratik.
Bigarren agintaldia bukatu gabe zoaz.
Ez. Bi urte daude aurretik urratsa egin eta proiektuaren etorkizunaz hausnartzeko, eta beste pertsonei eman behar nien lekukoa horretarako. Duela gutxi hartu nuen erabakia, baina akordioa genuen bi urtera aldaketa egingo genuela. Koordinatzailea sartu eta zinegotzi bat aterako zela adostuta zegoen, ez genekien zein zinegotzi izango zen, eta nik erabaki nuen nire garaia heldu zela. Irailean pneumoniarekin gaixotu nintzen eta horrek geldialdi bat suposatu zidan. Geldialdi horrek begirada altxatu zidan eta ohartu nintzen dena oso intentsoa zela. Lekuonak ateak zabaltzearekin batera ziklo bat amaitu zela sentitu nuen. Erabaki batzuk hartu nituen, bozeramailetza eta alkateordetza Maite Gartziari delegatzea adibidez. Lehen agintaldia du, eta hurrengoan bera proiektuaren buru izatea da asmoa. Xabier Sanchez Agirregomezkorta sartuko da nire ordez, gaztea, mugimendu sozialetik, auzo elkartetik dator. Politika ez da ofizio bat. Intentsoa izan da oso garai hau, 40.000 nagusi izan ditudala diot nik, herritarrak, eta zazpi egunez 24 orduan aritu behar duzu honetan.
Orain zen momentua aldaketa egiteko, uztaila eta abuztua lasaiagoak dira, eta ikasturte berrirako dena lotuta izango da, trantsizioa eginda eta ez da nabarituko. Maite Gartzia izango da Kultura zinegotzia, eta horretarako oso profil egokia duela iruditzen zait.
Neke eta higadura handia ere suposatzen du, beraz, udaleko lanak?
Hala da, zalantzarik gabe, ohore handiarekin batera. Pertsonalki da desgastea zuretzat, baina baita familia eta ingurukoentzat. Alaba zaharrena jaio berri zela hasi nintzen udalean; zazpi urte egingo ditu hark, eta txikienak bost urte beteko ditu. Ausentziak beraiek ere bizi dituzte. Urte hauetan ezin izan dugu oporretan lasai egon. Honakoa izango da lehenengo uda telefonoaren menpe egongo ez naizena. Garaia heldu zait gauza txikiekin disfrutatzeko. Gauza txiki, oso handiak. Nire egunerokora itzuliko naiz.
Zer eramango duzu esperientzia honetatik, pertsonaletik?
Emozio asko izan dira. Herritarren errespetua nabarmenduko nuke, hala sentitu naiz uneoro, ikaragarrizko errespetuz tratatu naute. Hori oso barruan daramat. Batek baino gehiagok esan dit agerraldiak egin ditudala txandala eta biserarekin, eta batek baino gehiagok deitu dit barbas; maitasun eta gertutasun harreman bat izan dut herritarrekin. Kultura arloan aritu naiz, eta oso sakona da arlo hori, baina oso esker onekoa ere, harremanean zaudelako eragileekin eta herritar kopuru handi batekin. Udaletxe barruan, berriz, ezagutzea instituzioaren errealitatea, bizitutako garaia, eta elkarbizitza eta bakegintzan egin dugun lana oso barnean eramango ditut ere. Pertsonalki, arlo horretan, asko hazi eta hezi egin naiz. Kulturan izan dudan lantaldeari ere aitortza egin nahi diot. Gaur egun ari den lantaldea, Champions Leaguekoa da. Politikoak pasatzen gara, lau, sei, zortzi urte… batzuk hogei. Baina egunerokoa, lantaldeak eta langileek eramaten dute. Autonomia eman behar zaie.
Lasai noa, gustura noa eta hustuta. Nik ez dakit egoten %100ean, %120an egon behar dut, eta hala aritu naiz sei urte hauetan.
Eta orain zer, nora zoaz?
Sei urte izan dira udalean. Zinemagintzan aritu naiz freelance bezala besteentzat lanean, tartean Pedro Almodovarrekin, eta nire ekoiztetxea nuen, Naniano. Intentzioa itzultzea da. Aurretik trantsizioa egiten lagunduko diet alderdikide izan ditudanei, nire esperientzia baliatuta. 2023ari begira jarrita daude jada alderdiak. Ondoren nire istorioak kontatu eta ekoizteko garaia izango da.
