Emaitzen bila, aurten ere handitzen jarraitzeko
Hibaikaren emakumeen traineruak EuskoTren Ligara igotzeko play-offera iristea du sasoiko helburu nagusi, maila handiko ETE Ligan. Gizonek, berriz, sasoiari beldurrik gabe ekin diote.
Aurten ere bi traineru izango ditu itsasoan Hibaikak, ETE Ligan emakumeena eta KAE2n gizonena. Bakoitzak bere helburua du. Emakumeek EuskoTren Ligarako play-offera iristea dute xede, hau da, ETEko bi lehenen artean sartzea. Gizonek pixkanaka hazteko bideari ekitea, sentsazio onak baliatuz.
Iñaki Mendizabal emakumeen traineruaren entrenatzaileak badaki taldeak duen maila errendimenduan bihurtzen badu, igoerako play-off postuen alde borrokatuko direla, baina kontziente da aurrean ontzi finak dituztela. «Sasoi hasierako helburutzat dugu play-offa, hori ezin uka. Baina kontrario on asko daude tartean. Zaila izango da, saiatu behar dugu». Tolosaldea, Deustu, Ondarroa, Zumaia, San Juan… Berdintasuna espero da aurreko postuetan: «Horregatik, ezin da hutsik egin. Estropada guztiak izango dira inportanteak. Helburuak egoera honetan lortzea zailago izaten da, baina guk behintzat ahaleginak egingo ditugu».
Talde gaztea da Hibaikarena. Joan den urtetik bajak ere izan dituzte. Baina Mendizabal kontent dago taldearekin. «Indartsua da. Iazkoaren adinako bloke sendoa ez dugu, beharbada. Baina talde fuertea dugu. Dagoen jendearekin pozik nago». Iaz EuskoTrenera igotzeko play-offa jokatzeko eskubidea lortu, eta aldi berean Kontxan izan ziren Madalen ontzikoak. Aurten marka horietara iristeko aukera dute Hibaikako neskek, baina betiere kontuan hartuta estropada guztietan aurre-aurrean ibili beharko dutela, eta gainera, aurrekoen borrokan 2020an baino traineru gehiago izango direla.
Gizonak
KAE2ko gizonen traineruaren xedea, Imanol Cascante entrenatzaileak adierazi duenez, erdialdean edo gorago egotea da. Aurten ere taldean aldaketa asko izan dituzte, eta Cascantek uste du oraindik ere arraunkera hartzen ari direla, eta sasoi erdialderako onenean egongo direla: «Garai horretan mailaz igotzeko aukerak ez, baina erdialdetik gora egoteko asmoa dugu».
Entrenatzaileak esan du zaila egiten zaiela maila oneko arraunlari gazteei eustea, maiz liga handiagoetan dauden taldeetara joaten direlako: «Lana da gure formula. Taldearekin gustura nago».