[Erreportajea] Hedatzea libre duen birusa
Oiartzun Kulturabirusaren egitarauan murgilduta dago. Iniziatiba goraipatu dute antolakuntzan aritu diren parte hartzaileek, eragileen elkarlana sustatu eta herriko sortzaileen lana ezagutarazten duelako.
«Txarrenari onena atera» esaldiak lagundu ditu COVID-19 izenarekin bataiatu zuten birus batek kolpatu ondoren burua altxatzeko saiakerak. COVIDak bizitzei sega pasa die, besteei bizimodua zaildu, baina aurrera jarraitzeko gogoa ez du airean eraman.
Egoera berriaren aurrean bere burua berrasmatu behar izan dute han eta hemen. Berrasmatze horren emaitzetako bat da uda honetan zehar Oiartzungo auzo guztietan hedatuko den Kulturabirusa. Iaz lehen ekitaldia egin zuten, egoera larriak uzten zituen zirrikituetatik arnasa hartzen, eta aurten izango da bigarrena. Patxada handiagoaz antolatu dute hau, xanistebanak aurten ere bertan behera uztea erabaki ondoren.
Herriko festen bueltan sortu zen Biyurrienea gazte taldea. «Kuadrilla» bezala definitzen du Lur Mitxelena kideak. 16 urtetik gorakoentzako Gazte Eguna prestatzen hasi ziren garaian dago taldearen ernamuina. Ondoren, Oiartzungo txosnagunean bi txosna besterik ez zeudela ikusi zutenean, «zerbait egin» behar zutela erabaki zuten. Duela bi urte eurek jarri zuten txosna, eta jai egitarau propio bat sortu zuten.
Plaza publikora salto eginda, udalak herriko gainontzeko eragileekin batera gonbidatu zituen Kulturabirusa fintzeko bileretara. Trantsizio fasean daudela ziurtatu du Mitxelenak, elkarte bat bihurtuko ote diren ala ez eztabaidatzen ari baitira, antolatzen dituzten jarduerei estaldura juridikoa emateko.
Bitartean, ekitaldiak antolatzeko denbora hartzen dute. Kulturabirusekoak hiruzpalau motatan bereizi ditu Mitxelenak: «Sei hitzaldiko zikloa antolatu dugu. Tailer batzuk ere muntatzen ari gara: grafiti tailerra, tatuaje tailerra… Gero jaialdi kontrakultural bat antolatu dugu: hip-hopa, txalaparta, grafitiak, bertsolariak, txistulariak, eta abar».
Laugarren esparrua kirol ekitaldiei lotutakoa da: padel eta saskibaloi txapelketak antolatu dituzte, baita Sorondora Igoera ere. «Hitzaldi zikloarekin batera, taldearen apustu indartsuena da».
Kulturabirusaren bileretan «zubi lanak» egin dituzte herriko beste eragile batzuekin. Soinuenea hurbildu zen beraiengana. «Ez genuen imajinatu ere egiten noizbait guregana hurbilduko zirenik; jaialdi hori beraiekin egingo dugu. Ematen du kontrajarria dela gazteak eta musika tradizionala elkarlanean aritzeak. Kuriosoa izan da elkarlana».
Biyurrieneko talde motorra 6-8 pertsonakoa da. «Berez gehiago izango balira hobeto egongo litzateke lanak banatzeko, baina 6-8rekin astintzen dugu herria». Aurten prestatu dituzten ekitaldiak izen emate ona hartzen ari direla gaineratu du, eta horren gakoa zein den azaldu: «Uste dut aurten asmatu dugula. Iaz begiratu genuen kanpoko jendearentzako ekitaldiak antolatzea, baina aurten guri gustatzen zaizkigun gauzak prestatzen saiatu gara».
Denen iritzia, kontuan hartuta
Egitarauaren egituratzean aritu diren gazte bakarrak ez dira izan Biyurrienekoak. Lohizune Telletxeak ere parte hartu du bileretan. Antolakuntza lanetan dabilen batzordeak gonbidatu zituen Telletxea eta lagun bat; «polita» izan zitekeelakoan, onartu, eta proposamen bat eraman behar zuten. Esan eta egin.
«Ikusi genuen Oiartzunen sortzaile asko zeudela, baina ez zutela harremanik beraien artean. Zerrenda bat egin genuen, saretzen aritu ginen eta, egia esan, oso pozik gaude». Hamazazpi sortzaile inguru bildu dira sare horretan, eta hilaren 31n erakutsiko dute beraien sormenaren emaitza.
Telletxearen ustez, herritarrek festak edota ekitaldiak antolatzen dituen batzorde batean egon behar dute. «Horien artean gaude gazteak. Guri egokia iruditu zaigu parte hartzea, gure ahotsak entzun daitezen».
Telletxearen ustez, gazteen kultur gosea asebetetzeko moduko egitaraua sortu dute denen artean, nahiz eta beti eska daitekeen gehiago. «Betiko zalantzak dira: zein adin tartetara iritsiko den, zeinengana… Zaila da hori asmatzea. Baina uste dut batzordea horretan saiatu dela, saiatu gara denengana iristen, baita gazteengana ere».
Kulturabirusak elkarlana sustatu du antolakuntzan zein ekitaldietan
Herriko beste eragileen harrera «oso ona» izan dela adierazi du, eta beraiek, gazteak izanagatik, «oso eroso» sentitu direla. «Oso ongi hartu gaituzte, eta momentu batzuetan ere esan izan digute ‘ea zer esaten duten gazteek’; entzunak sentitu gara».
Elkarlanerako aukera baliatzeko topagune baliagarria dela iritzi du Telletxeak: «Eragile guztiak elkarlanean aritzea denontzat da aberasgarria. Gauza politak atera daitezke denen iritzietatik. Bilera batera joaten zarenean ideia batekin, eta beste bat beste batekin, entzuten duzu eta, agian, bateragarriak dira. Konexio bat ematen da, saretze bat, eta hori herri batentzako oso aberasgarria da». Horrez gain, esan du hilaren 31 inflexio puntua izan daitekeela herriko gazteen arteko saretzean.
Gaztea izanda, festarik ez bizi ahal izatea galdetzea saihestezina da. Adierazi duenez, gaztaroa da «festetan, parrandan eta ateratzen» egoteko garaia. Hori gabe gelditu dira gazteak; baina ez hori bakarrik: «Gehien kriminalizatu gaituzten sektorea gara. Orokorrean, ez naiz herriaz ari, gazteoi ez zaigu alternatibarik eskaini. Ez dugu bermerik izan sozializatzeko. Ezin dugu parrandarik egin, ezin gara sozializatu… Zer egingo dugu, etxean gelditu?».
Zehaztu duenez, konfinamendu egoeran zaintza sareetan edo aisirako eskaintza prestatzen aritu dira gazteak, eta hori ez dela kontuan hartu adierazi du.
«Mantendu beharrekoa»
Onintza Etxebeste sortzailea iazko Kulturabirusean aritu zen, HiruBinaka formatu berritzailean. Aurten ere ziklo berean arituko da, baita artista plastikoek bihar bertan irekiko duten Puskak biltzen erakusketan. Horrez gain, Alaiartek sustatutako labaderoko mural margoketan parte hartuko du.
Etxebesterentzat «interesgarria» da egitasmoa, ohiko jai ereduari buelta bat ematen zaiolako Kulturabirusarekin. «Udalaren aurrekontuaren zati handi bat festetara joaten zen. Pandemiarekin, bat-batean, beste proposamen batzuk egon dira, eta espazioa aurkitu dute», adierazi du. Harentzat, sortzaileek horrelako espazio bat izatea «ikaragarria» da, xanistebanetan mota horretako ekitaldiek ez baitute tokirik. «Mundu berri bat irekitzen da, egiten diren harremanen eta erakusleihoez aparte».
HiruBinaka bezalako iniziatibek sinergiak batzen laguntzen dute; diziplina ezberdinetako bi sortzaile biltzen dira, eta batuketa eginda emanaldi hibridoa eskaintzen dute. Iaz —onartu du Etxebestek— korrika antolatu zen, itxialdia bukatuta. Orduan hainbat artistari deitu zitzaien, batzuk oiartzuarrak, beste batzuk kanpokoak.
Aurten modu ezberdinean prestatu dute: deialdi irekia egin, eta jendeak eman du izena. «Horrek adierazi nahi du jendeak ezagutzen duela formatua eta gogoa dagoela nahasketa horiei ekiteko, batez ere jende gaztearen artean».
Herriko artista plastikoek beraien lana erakusteko aukera handirik ez dutela onartu du Etxebestek. «Espazio mailan, justu samar», jarraitu du, «gure artean saretu eta lan egiteko aprobetxatzen ari gara, erakusketa batzuk eskaintzeko». Gainera, Oiartzungo Feministen Asanbladak landutako irizpideak txalotu ditu (ikus ondoko testua), eta batzordean parte hartu zuten guztien artean iniziatibak zituen balizko gabeziak azaleratu eta zuzentzen saiatu zirela jakinarazi du.
Oiartzungo sortzaileen lana erakusteko plaza da; mantendu nahi dute
Sortzaileentzako plaza interesgarria izango dela ez du zalantzarik. «Formatu horiek garatzen edo probatzen jarraitzeko aukera oso interesgarria da, eta ikusten da interesa badagoela. Bada jendea asetzeko modu bat, baina era berean ikasteko eta sormen prozesuetarako detonante ttiki bat bada».
Noizbait normaltasun zaharra esaten zaiona bueltatuko balitz, Etxebestek Kulturabirusa mantentzeko apustua egin du: «Horrelako iniziatibak mantentzea, behin ikusgarritasun eta plaza horiek lortu direla ikustean, baita jendearen interesa ere. Interesgarria izan daiteke ikustea non koka daitekeen sortu den espazio berri hori. Gero antolatu egin behar da, baina dudan amets ttiki bat da».
Haren ustez, herriko festen inertziak «irensten» ditu kultur ekitaldiak. «Atzean geratzen direla dirudi. Behin aurrean daudela, manten ditzagun bertan. Gainera, oso kolpatua izan den sektorea izan da kulturarena, asko sufritu duelako».
Irizpideak, denek goza dezaten
Kulturabirusaren ekitaldiek hainbat irizpide betetzen dituzte: euskalduna izatea; inklusiboa; feminista; animaliarik ez erabiltzea; kultur aniztasuna bultzatzea; auzoetara iristea; iraunkorra izatea ingurumena zaintzen; eta kontsumismo hutsetik harago joatea.
Oiartzungo Feministen Asanbladak landu ditu irizpide horiek. Nora Velez del Burgok atzera egin du: «Xanistebanetako Jai Batzordearen funtzionamendua ez genuen oso gustuko. Ikusten genuen eragile bakoitzak bere ekintzak aurrera eramaten zituela eta gero itsatsi egiten zituztela denak, puzzle bat osatzen zen. Ez ziren ikusten ekintza horiek egokiak ziren edo zein publikori zuzenduta zeuden. Edo adin tarte guztiak kontuan hartzen ziren».
Pandemiako geldialdiak hausnarketarako aukera eman zien. Zaila ikusten zuten jai batzordearen dinamika «errotik» aldatzea, eta Kulturabirusa antolatzen duen batzordeari irizpide zerrenda bat helarazi zioten. «Eginda eraman genuen errazagoa izango zelakoan, eta ia guztiek ongi ikusi zituzten zerrenda horretako irizpideak. Hobekuntza formal batzuk egin ziren, baina besterik ez», esan du Velez del Burgok.
Araitz Olaiz kideak esan duenez, batzordean ikusten zuten gogoa horrelako irizpideak finkatzeko. «Momentu batean, azaldu zen gogoa gehiago azpimarratzekoa; erabaki genuen eskuorrian, digitalean, webgunean eta abar ateratzea». Olaizek gaineratu duenez, belaunaldi aldaketak eta genero aldagaiak pisua dute hor.
Horrek proposamenak aurrera egitea erraztu duela esan du Velez del Burgok, eta, aurrera begira, oinarri horiek mantendu nahiko lituzkete. «Dauden hutsuneak denen artean betetzea da helburua; hausnartu ondoren, zerbait parte hartzaileagoa izateko asmoarekin sortu da». Talde guztiak aintzat hartuko dituen saiakera dela gaineratu dute mugimendu feministako kideek.
Kulturabirusaren egitarauari dagokionez, jarduera gehienak kultura ingurukoak izateak andreen presentzia bermatuko duela pentsatzen dute. «Agian kultura alorreko ekitaldietara emakume gehiago joaten da ikustera, ikusleak, tailerrak emango dituztenak…», gaineratu dute.
Haiek ere elikatu dute egitaraua. Emakumeei zuzendutakoak izatearen aldeko apustua egin dutela argi utzi dute. Aluen dekolonizazio tailerra, mendi orientazio saioa eta dantza afrikarren saioa. Olaizek aletu ditu ekitaldi horiek: «Ez genuen nahi ikusteko ekitaldirik antolatu, parte hartzaileak baizik. Mendi orientazioa alor bat da emakumeentzat ezezagunagoa dena, oraindik konkistatu ez den eremu bat. Dantza afrikarrena ez, gehiago sortu da festa gogoagatik. Eta aluen dekolonizazioarena, gure buruak hobeto ezagutzeko aukera da».