Fanderia berrantolatzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du bizilagun talde batek
Fanderia auzoa berrantolatzeko proiektua du Errenteriako Udalak. Jendeaurrean jarri, Fanderiako etxebizitza guztietan buzoiratu, eta ekarpenak egiteko epea ere izan da. Proiektua ez du begi onez hartu bizilagun talde batek.
Fanderia auzoa berrantolatzeko proiektua du Errenteriako Udalak. Jendeaurrean jarri, Fanderiako etxebizitza guztietan buzoiratu, eta ekarpenak egiteko epea ere izan da. Proiektua ez du begi onez hartu bizilagun talde batek. Fanderiako Bizi Kalitatea Mantendu eta Hobetzeko Kezka Duten Bizilagunak izenarekin ari dira, eta besteak beste, proposamen alternatibo bat prestatu eta auzoko buzoi guztietara helarazi dute. Udalak proposatutako berrantolaketak, onurak ordez, kalteak ekarriko dizkiola auzoari sinistuta azaldu dira, eta beren proposamena kontuan hartu eta auzo galdeketa bat egitea eskatu dute, “auzotarrok erabaki dezagun zein bide den egokiagoa, zein proposamen den onena auzoarentzat”.
Mikel Vallejo, Jose Cruz Legorburu, Martin Solis eta Rafa Lorente dira talde horretako bizilagunetako batzuk. Udalak proposatutako berrantolaketarekin ez daude ados, ez dute komenigarria ikusten inondik inora ere auzoarentzat eta auzotarrentzat, eta uste dute egoerak okerrera egingo duela proiektua aurrera ateratzekotan.
Vallejo atzera begira jarri da: “Auzoa modu batean sortu zen. Arazoak sortu ziren udala bertan aparkaleku gehiago sortzeko neurriak hartzen hasi zenean. Proposamena egin zen, auzotarrek ezetz esan zuten, eta ez zen atera. Duela hamar bat urte Euskotrenen bidearen bitan banatzea aprobetxatuta, Fanderiako pasealekuan lanengatik aparkalekuak kenduko zirenez, Dario Regoyos kalea norabide bakarrekoa egin eta baterian aparkalekuak jartzea proposatu ziguten. Torikoki probisionala izango zena, ez da inoiz itzuli bere aurreko izaerara”. Solisek azaldu du, hori izan dela auzoan egin duten interbentzio garrantzitsu bakarra gaur egunera arte.
Touring eta Fanderia etorbideek trafiko kopuru handia dutela zehaztu dute “Jendearentzat ez da beste irtenbiderik. Errenteriarrek erabiltzen dute herriko irteera gisa, N-1 errepidea zena inbutua bilakatzen delako une jakinetan Lartzabal biribilgunean. Udalak dio proiektua egiterakoan jendeak beste bide hori hartuko duela, N-1a zena, baina guk ez dugu uste hala izango denik”. Udalak egin duen txostena hartu dute hizpide: “Bertan diote auzoan dagoen trafikoaren %80 Fanderiako auzotarrena dela, eta gainontzeko %20 kanpokoena. Trafikoa nola murriztuko den ez dugu ulertzen, hegoaldeko biala ez dago egina, eta N-1a ez da irtenbide bat trafiko kopuru handiarengatik. Ez dago irtenbiderik, ez dugu ulertzen, beraz, nola dioten trafikoa murriztuko dela auzoan”.
Touring etorbidean biribilgunea egingo du udalak proiektuaren arabera, eta horrekin ere kezka azaldu dute: “Ez dute biribilgune bat egingo, margotu egingo dute gaur egun dagoen espazioan, eta ez du ematen maniobrarako espazio nahikorik ez dagoelako, eta eskolako autobusak ere hortik sartuko dituzte”.
Neurri zehatzak proposatu dituzte. Hala, galtzadetan orduko 30 kilometroko abiadura muga seinaleak margotzea eta seinale bertikalak jartzea auzoa osoan planteatu dute; biribilgune bat egitea kiroldegi inguruan, udalak proposatutakoa baino zabalagoa; oinezkoen zirkulaziorako gune goratuak eraikitzea merkataritza saltokien inguruan, orduko 10 kilometroko abiadura murriztua izango dutenak; oinezkoentzako pasabide goratua eraikitzea topo geltokiaren parean; eskola garraioko autobus geltokia eta zamalanetarako guneak egokitzea merkataritza lokalen eremuetan; kontrolatzea eta zigortzea merkataritza lokalen inguruan bigarren ilaran aparkatzen bada; eta Touring etorbidean ere jardutea, pasabide goratuak eta zabalagoak eraikiz Agustinetako igogailuaren, futbol zelaiaren, nahiz kiroldegiaren parean. Baita abiadura mugak seinalizatzea ere.
Erabateko aurkako jarrera azaldu dute kaleen norabidea aldatzearekin, edota Fanderiako pasealekuan etxebizitzetatik gertuen dagoen espaloian baterian aparkatzearekin. Erabaki horren atzean aparkaleku kopurua handitu nahia dagoela nabarmendu dute, baina ez dela beharrezkoa diote. “Fanderian 505 garaje plaza ditugu eta 395 plaza libre. Auzoan 800 auto daude zentsatuta, beraz, sobran ditugu beharrak asetzeko. Aparkalekua baterian jarrita Fanderia etorbidean 185 aparkaleku sortuko dituzte, baina auzoak ez du beharrik”.
“Auzo galdeketa” hori eskatu dute, eta 1.500 herrikide inguru dituen auzoko 450 bizilagunen sinadurak bildu zituztela 2018an udalaren proiektuarekin ados ez zeudela adierazteko, “erregistroan sarrera eman genien. Auzotarrei erabakitzeko eskubidea bermatzeko eskatzen diogu udalari”.