Helburu argia du ‘Libia’-k: igoerako play-offean sartzea
Iaz mailaz igotzeko zorian izan ondoren, aurten zeregin horri irmoago eutsiko dio San Pedrok. Arraunlari taldean ez dituzte aldaketa asko izan, eta hori sasoia ganoraz hasteko lagungarri izan zaie moreei.
Kirolean ez da erraza izaten bai kirolariek zein prestatzaileek esku artean dituzten helburuez argi hitz egitea. Maiz, beharbada porrotari beldur zaiolako, nahi dena baino maila txikiagoko helburuez mintzatzen dira kirolariak, askotan era ez oso ulergarrian, nahiz eta buruan bestelako xedeak izan.
Hori ez da San Pedroren kasua.
Hasi berri duten 2021eko sasoi honetan, ligari dagokionez behintzat, badakite zein asmo duten, eta ez dute inolako erreparorik esateko: KAE1eko lehen bi postuetako batean egon nahi dute, ondoren Eusko Labelerako play-offa jokatu eta 2019an galdu zuten maila berreskuratzeko. Bide orria izanda, orain bidea egin behar.
Ondo hasi dute Libia ontzikoek, ordea, denboraldia. Ekainaren 19an egin zen etxeko estropadan, ligako lehenean, sasoiko estreinako bandera irabazi zuten moreek. Neguan egindako lanari hasierako bultzada izan zen Pasaiako XXXVI. Ikurrina irabaztea.
Mikel Arostegi sanpedrotarren entrenatzaileak gardentasunez adierazi du 2021ean ez direla KAE1en paseoan egongo. Buruan duten helburu zehatzerako bidea ondo ezagutzen dute, iaz ere egin zutelako, bukaerako emaitza nahi zena ez izan arren, agian goizegi zelako mailaz igotzeko.
Baina gazte askorekin egin zuten iaz arraun moreek; aurten ere gazte izaten jarraitzen dute plantillako gehienek, baina urtebeteko eskarmentua dute bizkarrean, ikasi dute zer-nolako lana egin behar den KAE1en goialdean egoteko. «Ahal badugu aurreneko bi postuetan egotea, eta play-offetan sartzea dira gure helburuak. Gure maila ematen badugu, estropadak sentsazio onekin egiten baditugu, hara iristeko gaitasuna dugu. Sentsazio onei garrantzia ematen diet, hori horrela denean esan nahi duelako ondo arraun egiten dugula, beraz, emaitzak lortzeko aukera dagoela», azaldu du Arostegik.
Iazko esperientzia badute Sanpedrotarra Arraun Elkartean. Kontrario latzak izan zituzten aurrean, baina azkenean KAE1 Ligaren aurrean bukatu zuten. Aurtengoan ere ondoan eta hurbil izango dituzten arerioak ez ditu gutxietsi nahi Arostegik, badakielako bere ontziak eboluzioa izan duen bezala besteek era aurrera urratsa egin dutela.
Bi postu horietarako hautagaiak zerrendatu ditu entrenatzaileak: «Gurekin batera, aurrean ibiliko dira, nire ustez, Getaria, Pedreña, Kaiku, Arkote, San Juan… Bi posturentzako horiek gaudela uste dut. Ondo hasi gara, bai, baina arraunean aste batetik bestera aldatzen dira gauzak. Ezin fio orain nola gauden, gutxira behera joan gaitezkeelako». Ligako aurreneko estropadetan horiek izan dira Libia-k hurbil izan dituen traineruak. Ez dabil pronostikoetan oso desbideratua, beraz, Arostegi.
Arraunlariak
Iaztik aurtengora, arraunlarien taldean ez da aldaketa nabarmenik izan San Pedron. Zeharo onuragarria izan da hori taldearentzat. Izan ere, egon dira urteak ia hutsetik hasi behar izan dutela neguan sasoiaren planifikazioa, arraunlari berri asko izateagatik. «Bi baja izan ditugu iaztik, baina gazte guztiek jarraitu dute. Beraz, iazkoari segida emateko aukera dugu. Ekipoa indartsuago dago, hobeto ezagutzen gara. Baina entrenatu beharra dago. Iazkoa ahaztu, eta aurtengoan jarri behar dugu gogoa eta indarra», zehaztu du Arostegik.
Ligaz bai, baina beste helburuez galdetuta, Kontxan sartzea adibidez, ez du gogoeta sakonegirik egin nahi izan entrenatzaileak. «Orain liga dugu buruan. Lehen bi postu horien bila goaz. Kontxan sartzen saiatuko gara, nola ez. Baina burua ligan dugu». Sari nagusiaren bila doaz moreak aurten. Itsasoan erabakiko da lortuko duten ala ez.