Lehenengo atera, ondoren pixkanaka indartzen joateko
Zazpi urtez lehorrean egon ondoren, aurten berriz ere itsasoan da Trintxerpe-Illunberen ‘Azkuene’ ontzia. Arraunlari berri asko dituzte, traineruan gutxi ibilitakoak. Formazioan jarria dute helburua.
2014ko sasoian atera zuen traineru bat uretara azkenekoz Trintxerpe-Illunbek. Han itzali zen Azkuene ontziaren aro bat, goren mailan izan zen aroa zehazki. Besteak beste, TKE Ligako partaide izan zen, baita Kontxan hainbatetan sartu ere. 2014tik, urtero saiatu dira berriz ere trainerua osatzen, baina aurten arte, ezin.
Lan handiarekin, kostata, baina eskifaia osatzeko adinako arraunlari kopurua lortu ahal izan dute trintxerpetarrek, eta jada KAE2 Ligaren barruko estropadetan ari dira buru-belarri. Taldeko buruek garbi dute, ordea, aurtengoa formaziorako sasoia izango dela, ontziaren barruan dauden arraunlarietako askok ez dutelako traineruan eskarmenturik.
Arraun elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Jon Gonzalezek garbi dauka aurtengo sasoian izango duten helburua jende berriak konpetizioa ezagutzea izango dela. Adibidez, KAE2 Ligako lehen estropadan —San Pedron izan zen, ekainaren 19an— zortzi kirolarik lehenengoz egin zuten arraun traineru batean Trintxerpeko kolore urdinarekin. «Arraunean ibilitakoak baziren zortzi horiek, baina ontzi txikietan. Ez da gauza berbera traineru batean aritzea», zehaztu du Gonzalezek.
Hortaz, ia dena zen berri haientzat. «Dena oso desberdina da haientzat. Zentzu horretan, oso gogorra izaten ari da egokitzapen lana guretzat, eta arraunlarientzat».
Ilusioz gainezka daudela aitortu du zuzendaritza batzordeko ordezkariak, ordea. Baina ilusio hori, eguneroko lan gogorrarekin uztartu behar dutela: «Hasi besterik ez gara egin KAE2 Ligan, eta jada laztasun hori oso nabaria da, batez ere hasiberrien kasuan».
Beraz, Trintxerpe-Illunben ez dituzte errealitatetik kanpora dauden helburuak jarri, arraunlari berri horien formazioa dute xede nagusi, etorkizun hurbilean emaitzei begira jartzeko: «Jakin badakigu mutil berri horietako askok arraunean jarraitzen badute, goi mailako arraunlariak izan daitezkeela. Baina aurreneko urtea beti oso gogorra izaten da zentzu guztietan. Bagenekien gainera. Zerbait nahi duenak borrokatu egin behar du».
Etxeko jendea
Arraun elkarte xumeen formula berbera baliatzen ari dira Trintxerpe-Illunben: etxeko arraunlariekin lan egin behar dute derrigorrez. Harrobia zaindu eta landu behar dute. Trainerua osatzeko kanpotik utzitako kirolariak ekarri dituzte, baina Azkuene traineruaren bizkarrezurra klubean hezitako arraunlariak dira. «Harrobiko taldea gara. Formatu ditugun arraunlari asko izan ditugu, eta maiz inguruko klubetara joan dira. Aurten jendea izatea lortu dugu, eta aurrera egin dugu».
Gonzalezek nabarmendu du, kirol zailtasunez aparte, COVID-19aren gaiak ez diela batere lagundu, are gogorragoa egin duela itzulera, hainbat neurri zorrotz kontuan hartu behar izan dituztelako entrenamenduetan batez ere. Hala ere, traineru urdina bueltan da. Aurten ikasteko urtea dute, ondoren Kantauri itsasoan hegan hasteko.
Hemen kontsulta dezakezu Trintxerpe-Illunbeko ontzi berriaren arraunlarien zerrenda.