'Hondakinik onena, sortzen ez dena' dela gogoraraziko du portuz portu 'Mater'-ek
Aurtengo 'Zero zabor uretan' kanpainaren berri eman dute gaur goizean Hondarribian; arrantzarekin harremandutako zazpi udalerri bisitatu ondotik etxean egingo du azken geldialdia ekomuseoak.
2021. urteko Zero zabor uretan sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko zuzendari Izaskun Suberbiolak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendari Enrique Ramosek, Libera proiektuko Ecoembes-eko ordezkari Jose Arrankudiagak eta Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak.
Hondakinik onena, sortzen ez dena dela lau haizetara zabalduko du aurtengo udaran berriz ere Mater-ek. Denera, uztailaren 2tik 25era bitartean euskal kostaldeko zortzi portu bisitatzeko zeharkaldia egingo du ontziak. Hala, Hondarribitik atera eta Getarian geldialdia egin ondoren Bizkaiko uretan sartuko da Ondarroa, Bermeo, Portugalete eta Bilbo bisitatuz. Itzulerako bidean Mutrikun eta Pasaian egingo ditu azken geldialdiak. “Itsas zaborren inguruko problematikari buruz kontzientziatzea eta herritarra horren prebentzioan inplikatzea” da helburua, Suberbiolak azaldu duenez. Jarduera eta irteera ezberdinak antolatu dituzte Mater-eko boluntarioek horretarako.
Proiektuak aurrera egitea “oso inportantetzat” jo du Barredok bere aldetik. Izan ere, zaborrari “mundu mailako arazo” iritzi dio, “urtero 10-12 milioi tona itsas hondakin sortzen baitira, gehienbat plastikoa”. Ildo horretan, Europako Batasunak bihar indarrean jarriko duen erabilera bakarreko plastikozko poltsak debekatzeko direktiba txalotu du sailburuuordeak.
Zabaldutako datuen arabera, itsas hondakinen %75 hondoan dago, “iristeko errazak ez diren lekuetan, hain zuzen”. Plastiko horiek ekosistemak deuseztatzeaz gain, gizakien “elikadura katera” iristen direlako kezka adierazi du, eta gaineratu duenez, “Bizkaiko Golkoan bereziki hego ekialdean pilatzen dira hondakinak, eta uneotan, pilaketa hori arrisku maila ertainekoa da”.
Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa
Kanpainaren aurkezpenean parte hartu duten bost ordezkariek kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten jarraitzea ezinbestekotzat jo dute. “Hondakinak lehenbizi erreka eta ibaietan kokatzen dira eta ondoren itsasoratu, bidean aurkitzen dituzten ekosistema guztiak suntsituz”, ohartarazi du Ramosek.
Ildo beretik mintzatu da Arrankuadiaga: “Bi hitzetan: kontzientziazioa eta sentsibilizazioa”. Eragile guztiek nabarmendu dutenez, herritar ororen inplikazioa ezinbestekoa da egoera irauli ahal izateko, “entitateek bakarrik ezin dugu”. Hortaz, “modu aktiboan” kolaboratzera deitu ditu herritarrak Libera proiektuko ordezkariak.
Bukatzeko, azken hitza hartu du Suberbiolak, eta zehaztu duenez, ingurumenarekiko sentsibilizazio lanaren bitartez “pertsonak eraldatzea eta denon arteko elkarlana” bultzatzea du xede boluntarioz osatutako ekomuseoak. Hori horrela, Mater-en irteera ezberdinetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Horretarako bisitak, hondakin bilketak itsasertzean, proiekzioak, topaketa plastifikatuak… antolatu ditu hil honetan zehar Mater-eko boluntario eskifaiak. Bertan jardueren inguruko xehetasun guztiak.