Elkarrizketa: "Bi bafletan aterako ginela bagenekien, baina ez nolakoak izango ziren"
36 urte bete ziren atzo, Joseba Sarrionandia 'Sarri' eta Iñaki Pikabea 'Piti' euskal presoek Martuteneko espetxetik ihes egin zutenetik. Piti, oreretarra, atzera begira jarri da ihesaldi sonatuaz hitz egiteko.
1985eko uztailaren 7an bi euskal presok Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu zuten. Imanol Lartzabalen kontzertua egin zuten kartzela barruan, eta emanaldirako baliatutako bi bafleetan ezkutatuta eman zioten ihesari Joseba Sarrionandia Sarri iurretarrak eta Iñaki Pikabea Piti oreretarrak. 36 urte pasa dira ordutik. Piti berriro atxilotu eta espetxeratu zuten, eta guztira, 19 urteko espetxealdia beteta atera zen aske 2000. urtean. Atzera begira jarri da oreretarra, duela 36 urteko ihesaldi sonatuaz hitz egiteko.
36 urte bete ziren atzo Martuteneko espetxetik ihes egin zenuenetik Joseba Sarrionandia Sarri-rekin batera. Nola oroitzen duzu egun hura?
Gauza handi bat bezala, ederra, mundiala. Lastima ez diren izan halako gehiago. Oroitzapen ona dut. Pixka bat ahaztuta ere badut jada. Atzo lagun nafar batekin nengoela bazkaritan galdetu zidan ‘zein egun da gaur?’, eta orduan ohartu nintzen ihesaldiaren urteurrena zela, nahigabean, deskuiduan. Telefonoa hartu eta Sarriri —Joseba Sarrionandia— deitu nion, ez zuen hartu lehenik eta ondoren itzuli zidan deia. Hark ere ahaztuta zeukan zein eguna zen.
Deserrian hiru hamarkada luze emanda, aurten itzuli da Euskal Herrira Sarrionandia. Izan duzu berekin egoteko aukera?
Duela bi edo hiru urte izan nintzen Kuban eta han ikusi nuen azkenekoz fisikoki. Gerora telefonoz aritu gara etorri denetik. Halako batean egin beharko dugu bazkari bat edo. Etorri berria da eta oraindik ere denbora beharko du, imajinatzen dut edozein izkinetara begiratu eta herria berriz ezagutzen ariko direla.
Tokatu egin zitzaizula esan duzu behin baino gehiagotan, zozketa egin eta zuri egokitu zitzaizula. Zer suposatu zuen esan zizutenean ‘zu zoaz kanpora’?
Hori momentukoa izan zen, eta harrituta gelditu nintzen hasieran.
Beldurrik sentitu zenuen?
Kezka handia, ez genekien nola izango zen. Bi bafletan aterako ginela bagenekien, baina ez nolakoak izango ziren, tamaina, nola sartu beharko genuen bertan, ikusi arte kezka. Behin ikusita pentsatu nuen, ‘hor sartu behar dugu?’. Hortik aurrera hasten zara pentsatzen nola aterako da, nola izango da… Noski, behin sartuta bafleetan, hortik aurrera ez genuen ezertxo ere ikusten, entzumena zorroztu eta adi. Urduritasun eta ezjakintasun hori, entzumena genuen soilik. Gogoan dut kontzerturako furgoneta iritsi zenean bi bafle eta gitarra bat zihoazela, eta suposatzen dut berdin atera gintuztela, baina guk ez genuen ezertxo ere ikusten. Atea irekitzen ere sumatu genuen begiratzeko furgoneta barruan; horrela hainbat ate pasa arte, eta azkenean martxen aldaketarekin eta abiadura bizkortzearekin ohartu ginen kanpoan ginela jada, espetxetik atera ginela.
Zer izan zen zailena behin ateratzea lortuta?
Zailena zen ez jakin noiz arte egongo ginen, ez ginen oso estu, baina ezta erabat lasai ere. Ahalik eta modu lasaienean eramaten genuen, hitz egiten, irakurtzen, telebista ikusten, ezkutuan ginen etxeko haurtxoari oinez irakasten… Kezka zen noiz arte, ohituta ginen itxita egoten espetxean, baina ezberdina da, han errutina batzuk daude.
Beste anekdota bat badu ihesaldiak. Zure anaia Martuteneko espetxera joan zen zuk ihesi eginda, zure gauzen bila. Hala da, ezta?
Bai ausardia behar da egiteko, eta anaiak egin zuen. Joan zen, joan zen…
Zure eta Sarrionandiaren ihesaldiak kantu bat inspiratu zenuten. Sarri sarri belaunaldi ezberdinek dantzatu dute, eta egun ere dantzatzen jarraitzen dute. Zer sentitzen duzu entzuterakoan?
Kanta martxosoa da eta jendeak saltoka dantzatzen du. Fermin Muguruzak dagoeneko existitzen zen doinu bat hartu, eta ondoren letra egokitu zuen gurea kontatzen. Polita da. Modu umoretsuan kontatzen du ihesaldia.
Euskal Herrian ospatu zen zuen ihesaldia.
Imajinatu, jendearentzat kristorena izango zela pentsatu nahi dut.
Imanol Lartzabalen kontzertua entzuteko aukera izan zenuten ihesaldiaren aurretik edo bestelako lanetan ari zineten?
Entzun genuen, bai. Gogoan dut, Errenteriako preso sozial bat zegoela eta guregana hurbildu eta guk bakarrik gelditu behar genuen ihesaldia egiteko. Nola edo hala lortu genuen aldentzea.
Bafleetan sartzeko unean zer pentsatu zenuen?
Nik uste dut ez nuela gehiegi pentsatu. Programatuta dago ateratzen bada, baina eta ez bada ateratzen? Hori ere pentsatu nuen. Ateratzekotan nola izango zen ere pentsatu nuen. Bestaldera helduta —Ipar Euskal Herrira— geunden kontu handiarekin, ez ginen mugitzen etxeetatik, behar zena bakarrik mugitzen ginen, inoren aurrean ezin genuen azaldu.
Zure ihesaldiak bi urte eskas iraun zituen. Atxilotu egin zintuzten 1987an. Kontrol gehiago ezarri zizuzten ihesaldiaren ondoren?
Hala da, bi urtera atxilotu ninduten. Frantziako Estatuan izan nintzen espetxeratua eta han beste sistema bat zen. Ez nuen sumatu kontrol berezirik nirekin egin zutenik, beste euskal preso politikoen antzerakoa izan zen.
Hemeretzi urteko espetxealdia egin zenuen guztira. Zer nabarmenduko zenuke?
Espetxea ez diot inori desio. Gogortasuna nabarmenduko nuke, euskal preso politikoei ezarritako salbuespen neurriak, urruntasuna… Estutasuna. Zer esanik ez Herrera de La Manchan, han gu ginen, beste batzuk Puerto de Santa Marian. Oso erregimen zurruna. Martutenen beste irekitasun bat zegoen, baina ez dut konparaketarik egin nahi, are gutxiago espetxeen artean, espetxea espetxe delako eta beti izan da guretzat batez ere oso zurruna, oso estua, oso zorrotza. Sorian egon gineneko garaian konpainia oso bat genuen gu zaintzeko; grisak ziren. Haiek egiten zizkiguten miaketak eta. Oso gogorra.
Merezi izan zuen ihesaldiak.
Noski, noski, dudarik gabe. Pena ez direla ondo atera beste batzuk, Soriakoa adibidez. Merezi beti. Pena handien Burgosekoa ez ateratzea izan zen, hainbeste lan egin eta gero, nolatan ez atera? Horrela da. Orain ea ahalik eta azkarren egiten dituzten urratsak. Hurbildu dituzte, ez dago jada euskal preso politikorik Andaluziako espetxeetan eta zerbait bada, baina poliki doa. Denbora beharko da; denek behar lukete kalean oraintxe bertan, baian denbora beharko da. Bestalde hor daude 13/13 auzia, edo presoen harrerak antolatzea egotzita atxilotu dituzten preso ohiak, ez dute lekurik halakoek. Gizarteak presoen korapiloa askatzeko aktibatu beharko lukeela uste dut, dagoena baino gehiago, presoen eskubideen alde gehiago egin beharko genuke.