[Elkarrizketa] “Arraun elkarteak oso lan txukuna egiten ari dira”
Emakumeen Traineru Elkartearen (ETE) sorreraren erdi-erdian izandakoa da oreretarra. Aurten, urrats bat aurrera egin, eta Kantauriko Arraun Elkartearekin (KAE) elkarlanean hasi dira, indar gehiagoz jarduteko.
Maika Tameronek ongi aski ezagutzen du emakumeen arrauna. Hibaika Arraun Elkarteko kide, urteak daramatza tostetan emakumeen presentzia eta maila areagotzeko zereginean. Herriko arraun elkartetik harago eraman du bere lana, ordea. 2018ean Emakumeen Traineru Elkartearen (ETE) sortzaileetakoa izan zen, eta orain, Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) zuzendaritzan dago, ETEk eta KAEk euren bideak elkartzea erabaki dutelako. ETE Ligako 11 traineruen artean Hibaika eta San Juan daude.
ETEren laugarren liga da aurten. Zein traza du sasoiak?
Sekulako itxura duela esango nuke. Jada, sei bat traineru daude aurreko postuen alde borrokan, ikuskizuna ematen. Adibidez, Getarian izan zen estropadan [ekainaren 20an, ETEko bigarren estropada izan zen], bost traineruk 11 minutu baino gutxiago behar izan zituzten estropada egiteko. Horrek esan nahi du sekulako maila eta lehia izango ditugula aurten.
Beraz, emakumeen ligaren maila urtetik urtera handitzen ari al da?
Noski, zalantzarik ez. Itxura ona hartzen ari da liga hasieratik, eta bai, nabaria da arraun elkarteak oso lan txukuna egiten ari direla, eta hori estropadetan ikusten da. Lehia bizia da, kalitate handikoa, emozioz beterikoa.
ETEk eta KAEk bat egin dute aurten.
Horren helburua da emakumeen arraunak eta ETEk ikusgarritasun handiagoa izatea. Gainera, estropadak antolatzerako orduan erraztasun gehiago izango ditugu. Uztartze baliagarria izango dela uste dut, alde guztientzat.
ETEn 11 traineru daude, baina elkarteko kide hamabost dira. Hau da: ligan dauden 11 arraun elkarteez gain, EuskoTrenen dabiltzanak ere dira bazkide.
Horrela erabaki genuen egitea. KAEn sartzeko jarri genuen baldintzetako bat zen emakumeen traineruak dituzten elkarte guztiak ETEko kide izatea; KAEk onartu zuen, eta denak gaude elkarrekin. Edonola ere, KAEren barruan egonda ere, ETEk bere autonomia propioa du. Hau da, araudi eta bestelakoen aldetik gure autonomia dugu, eta emakumeen traineruei dagozkien erabakiak guk geuk hartzen ditugu.
Beraz, esan daiteke ETE egonkortu egin dela?
Bai, hala da. Gainera, KAEra iritsi garelako, uste dut hura ere indarrez atera dela elkartzetik, hau da, emakumeen traineruen ordezkaritza bertan izatea onuragarri izan da KAErentzat ere. Bertako zuzendaritza batzordea bost kidek osatzen dute, eta horietatik bi dira ETEtik gatozenak.
Aipatu duzu ETEko traineruen artean gero eta maila handiagoa dagoela. Baina iaz, adibidez, ETEtik EuskoTren Ligara ez zen trainerurik igo, play-offean ezin izan zuten aurrera urratsa egin. Tapoi antzekoa al dago emakumeen goren mailako ligara iristeko?
EuskoTren Ligak [Traineru Kluben Elkarteak kudeatzen du, TKEk] ez du ikusten emakumeen arraunak indar handia duela, traineruak egonkortuta daudela, eta elkarteak lan serio eta oso ikusgarria egiten ari direla. ETEn aldaketak izaten dira urtero, traineruren batek utzi eta besteren bat sartzen delako, baina hamar bat talde daude zeharo egonkortuak daudenak. Klub horiek oso garbi dute emakumeen eta gizonen traineruak izango dituztela. Baina TKE ez da uste horretakoa. Uste dute emakumeen arrauna ez dagoela egonkortua, eta horregatik ez dute nahi oraingoz EuskoTren Ligak traineru gehiago izatea.
Baina Kontxan egin zen urratsa zortzi trainerura jauzi egiteko. Zergatik ez TKEn?
Galdera hori ez da niretzat, TKEk erantzun beharko luke. Haienaren alde begira ari dira, haientzat nahikoa da lauko liga izatea. Uste dute emakumeen arraunaren alde lan handia egiten ari direla eta nik hori ez dut ukatuko, baina uste dut ez direla kontziente zer nolako aurrerapena izan duen emakumeen arraunak.
Iaz ETEtik Tolosaldea eta Hibaika izan ziren play-offean, igotzeko asmoz. EuskoTreneko ordezkaria Hondarribia izan zen. Baina ETEko bat ere ez zen igo. Horrek ez al du frustrazioa sortu igo ezin izan dutenen artean?
Play-offa dago, eta horri eusten diote TKEtik. Hau da, ETEko lehena zuzenean igotzeko aukerarik ez dago, beste ligaren batekin gertatzen den antzera. Lau edo bost traineruren arteko play-offa dago, eta batek lortzen du EuskoTreneko plaza. Besterik ez dago.
EuskoTrenek itxura du, beraz, liga itxia dela. Oso zaila izango da play-offean noizbait ETEko edo Galiziako Ligako traineru batek, EuskoTrenen laugarrena izan dena garaitzea…
Hala da, bai. Ez dut polemiketan sartu nahi, baina hala da. Saiakerak egin ditugu EuskoTrenek traineru gehiago izan zitzan, urtero hitz egiten dugu haiekin horretaz; beharbada zortzi traineru ez, baina EuskoTrenen sei izatea maiz planteatu izan diegu. Baina haiek ez dute nahi. TKEn gehiengo dira soilik gizonen traineruak dituzten arraun elkarteak. Eta horrek zuzenean talka egiten du ETEn dagoen arraunketa mailarekin, arraun elkarteak emakumeekin egiten ari diren lanarekin, eta aldi berean emakume arraunlariek erakusten duten konpromisoarekin. Datu bat eman nahi dut: bateletan, adibidez, kategoria txikietan aurten emakumeen ontzi gehiago izan dira gizonenak baino Gipuzkoako Ligan. Hau da, haurretan eta kadeteetan neska arraunlariak gehiengo izan dira. Hori ez bada emakumeen arrauna finkatuta dagoenaren seinalea, bada…
Duela hamar urte adibidez, imajinatuko al zenuke zer nolako indarra hartu duen emakumeen arraunak?
Ez. 2008an inflexio puntua izan zen: Kontxako antolakuntzak orduan erabaki zuen emakumeen estropada ere egitea. Behetik bultzatutako erabakia izan zen, izan ere, jada errealitate zelako orduan emakumeek traineruetan lehiatu nahi zutela, eta horretarako prest eta prestatuak zeudela; agian behartutako erabakia hartu zuen Kontxak, baina denboraren perspektibatik begiratuta, erabaki zuzena izan zen. Handik aurrera dena azkartu egin zela uste dut.
ETEko ordezkari zaren heinean, galdera zaila. Ligako zein traineru ikusten dituzu igoerarako play-offerako bi postuetan?
Zaila da asmatzea. Nabarmendu nahi dudana da oso talde indartsuak daudela, goialdean egoteko bost-sei traineru borrokan izango direla, eta emozioa ez dela faltako. Horrela izan da orain arte ligan egin diren hiru estropadetan, eta hala jarraituko du izaten nire ustez. Eta aurrean egon nahi dutenek ezin dute hutsik egin: estropada txar bategatik, egun eskas bategatik, play-offetatik kanpo gera daiteke baten bat. Hamabost estropada ditu ETEk, eta denetan ikuskizuna egongo da, ziur.