Murchanteko erailketa matxista aho batez gaitzetsi du udalak
Gizon batek koinata zuen emakumea Nafarroako errepide batean labankadaz hil eta ihes egin du. 43 urte zituen Maria Pilar Berrio Jimenezek.
Gizon batek emakume bat hil zuen atzo goizean labankadaz Murchanten (Nafarroa), haren 4 eta 5 urteko seme-alaben aurrean. Familia autoan zihoala ibilgailuarekin jo, eta errepidetik aterarazi ondoren sastakatu zuen andrea. Hiltzaileak ihesera eman zion ondoren, eta haren bila ari da polizia.
43 urte zituen Maria Pilar Berrio Jimenezek, Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen. Haren hilketa matxista Euskal Herriko laugarrena da urtea hasi zenetik, eta 111.a 2003az geroztik.
Pasaiako Udalak erailketa jendaurrean eta aho batez gaitzetsi du: “Adierazi nahi dugu emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera agertuko dugula. Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.