[Elkarrizketa] «Bi talde berri sortu dira gurean. Oso pozgarria izan da hori»
Bukatu berri dena ikasturte aldrebesa izan dute Oroitzene AEKn, koronabirusagatik. Hala ere, ezarritako taldeak bete, eta beste bi berri sortu direla jakinarazi du Lizarazuk.
Zeharo ezohikoa izan da zuen euskaltegian ere 2020-2021 ikasturtea. Nola joan da?
Hasieran pentsatzen genuena baino askoz hobeto joan da. Geletarako ezarritako aulkien kopurua bete egin dugu, beraz, alde horretatik, matrikulazioari dagokionez ondo joan da ikasturtea. Gela handi samarrak dauzkagu, eta onuragarri izan da hori gure kasuan. COVID-19agatik ratioa jaitsi zigutenez, aukera izan dugu talde guztiak sortzeko. Behin horiek sortuta ondo bete ziren, sei ikaslerekin talde bat sortzeko aukera genuelako hemen Lezon. Pozik gaude alde horretatik.
Ikasturte hasieran pentsatu genuen Oroitzene ezin izango genuela zabaldu. Baina segurtasun neurriak oso ondo bete ditugunez, dena ondo joan da. Nik neuk COVID-19a harrapatu nuen, baina distantziak mantendu ditugulako, gelak aireztatu ditugulako, musukoekin izan garelako eta eskolak bitartean bakoitza bere lekuan egon delako, ez da jarduera eten. Ikasleren batek ere pasa du gaitza, baina kasu horietan ere ez ditugu eskolak gelditu. Ikasleen artean koronabirusak izan duen eragina nahiko handia izan zen urrian. Aurrera atera dugu ikasturtea, ordea.
Ohiko taldeez gain, berriak ere sortzeko aukera izan duzue, ezta?
Hala da. Bi talde berri sortu dira gurean. Zero urratsekoak izan dira. Oso pozgarria izan da hori. Izan ere, azken urteetan jende gehiena tituluak ateratzeko eskolak jasotzera dator, ez euskalduntzera. Bi talde horiek euskara ikastera etorri dira inongo titulaziorik ez zutelarik helburu bezala.
Telematikoan ere lan egitea tokatuko zitzaizuen.
Bai. Esan bezala, hainbat ikasle konfinatu behar izan dira. Orduan, Moodle txokoak sortu ditugu haiekin eskolak jarraitzeko. Gure ikasleen nolakotasunari begira, badira gazteak euskara maila handia dutenak eta horiek hobeto moldatzen dira ordenagailuarekin. Baina helduagoek zailtasun handiagoak izan dituzte.
Aurtengo galeretako bat Korrika izan da.
2022koari gogo handiagoz ekiteko abiadura hartzeko urtea izan da aurtengoa. Bultza Euskaltegiak dinamikarekin diru pixka bat biltzeko aukera izan da, Oarsoaldean behintzat emaitza onak eman ditu egitasmoak. Adibidez, Pasaia-Lezo Lizeotik horri begirako egitasmoa landu dute, eta 1.000 euroko ekarpena egin digute. Lezoko Jai Batzordean ere mugitu gara: Gabonetako azken bi Liburu eta Disko Azoketan jasotakoa ere euskaltegira bideratzeko aukera izan da. Korrika ez egoteak, hala ere, ikasturtea lasaiagoa izatea ekarri digu. Hurrengorako indar gehiago izango dugu.
2021-2022 ikasturtera begira zaudete. Nola doa aurrematrikulazioa?
Aurrematrikulatu diren dezente ditugu jada Oroitzenen. 30-40 bat jaso ditugu dagoeneko, kopuru ona da hori. Hortik abiatuta, askoz errazagoa izango da taldeak sortzea. Ikasle berriak ere etortzen ari dira, Euskal Herritik kanpo jaio eta Lezora bizitzera etorritakoak. Duela urte batzuk ez zeuden tipologia horretako hainbeste, baina gugana etortzen ari dira. Oso pozgarria da hori. ‘Hemen bizi naizenez, euskara ikasiko dut’ ideiarekin datoz. Adibidez, Tiñeluko zerbitzariak izena eman du. Euskarara hurbiltzen dira, eta gainera beste jende gehiago erakartzen dute. Irailaren 1etik 30era zabalduko dugu matrikulatzeko aroa.