400 tontor argituko dituzte Pirinioetako Bidea 2022 iniziatiba erraldoiarekin
Datorren uztailaren 2an Gure Eskuk, eta Omnium eta ANCk Pirinioetako 400 gailur argitu nahi dituzte, Pirinioetako Bidea 2022 proiektuarekin.
Gure Eskuk antolatuta, ekintza ikusgarria egin dute gaur Aiako Harrian, Pirinioetako Bidea 2022 aurkezteko. Hamarnaka lagunek osatutako ipurtargi handiak mendiaren tontorra argitu dute. Aldi berean, Katalunian, ANCk eta Omniumek deituta, Pedraforca mendian gauza bera egin dute.
Elkarlanean antolatutako ekintza aperitibo bat besterik ez da: 2022an Pirinioetako Bidea egin nahi dute, Higer eta Creus lurmuturrak argiztatuz. Orereta Ikastolako Añabitarte ondoko zelaian aurkeztu dute egitasmoa, Aiako Harriari begira.
400 tontor
Aldarrikapena eta natura uztartuko ditu datorren urteko giza kate erraldoiak. “Gure proposamena ezberdina eta bakarra da”, azaldu dute, “mobilizazioa izateaz gain, dimentsio handiko ekintza artistiko bat izango da ere,
paisaia, argiaren magia eta kultura bateratuz”.
400 gailur argiztatu nahi dituzte, modu sinkronizatuan, datorren urteko uztailaren 22an. 430 kilometroko giza katea egin nahi dute, herritarren parte hartzea sustatuz.
Hori bai, Gure Esku eta ANC kontziente dira mendi tontor guztiek ez dutela zailtasun maila bera, ezta pertsona guztiek trebezia bera mendiak igotzeko. “Maila ezberdinetako erronkak izango dira: batzuk,
mendizale talde eskarmentatuentzat soilik, eta, beste batzuk, ordea, mendizale mota guztientzat”.
Izena emateko sistema egongo dela iragarri dute, natura errespetatu eta masifikazioak saihesteko.
“Milaka une magiko izango dituen mobilizazioa osatuko dugu, esperientzia ahaztezina, gure oroimenean luze iraungo duen mugarria”, ziurtatu dute.
“Herri libre eta burujabeak”
Aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, Euskal Herriak zein Kataluniak aske eta burujabe izateko nahia dute. “Balioak eta helburuak partekatzen ditugu, baita oztopo eta zailtasunak, gainditu nahi ditugunak, elkarlan, inteligentzia kolektibo eta esfortzuaren bidez. Pirinioak ere partekatzen ditugu, eta, gainera, guretzat lotune dira, eta ez muga”.
Espainiako Estatuaren jarrera salatu dute, aldi berean, kartzela eta errepresioarekin erantzuten dielako oinarrizko eskubideak eta erabakitzeko eskubideei. “Horren bidez gure helburu bidezko eta demokratikoei uko egin diezaiegun bilatzen du, baita gure askatasun nahiari, eta, guztiontzat etorkizun hobeago baten alde borrokatzeari ere”.
Errepresioa autodeterminazio eskubidea eta estatu independentea izateko nahia zilegiztatzen dituela dituela uste dute. “Ez, ez dute lortuko guk amore ematea, jendearen indarra alde dugulako, jendea prest dagoelako ibiltzen jarraitzeko eta oztopoak gainditzeko, gailurrera iritsi arte”.
“Erabakitzea askatasuna erabiltzea da”
Gure Eskuk atzera begiratu du, Pirinioen sinbolismoa nabarmendu eta aurrera begirako mezu bat emateko. “Jose Antonio Agirre eta Lluis Companys lehendakariak elkarrekin erbestera abiatu zirenean –La Jonqueratik gertu, Pirinioak zeharkatuz–, mezu argi bat utzi ziguten ondorengo belaunaldiei: gure borrokak partekatuak dira, beraz, parteka dezagun ere askatasunerainoko bidea”.
Mobilizazio “eusko-katalan” bateratua izango da 2022ko uztailaren 2koa, baina nabarmendu dute beste hainbat herri ari direla burujabetzarako bidea urratzen. Zerrendatu dituzte: eskoziarrak, irlandarrak, galestarrak, galegoak, korsikarrak edo bretoiak.
“Herri bakoitzak bere errealitatea izanik ere, bakoitzaren asmoak gauzagarriak behar lukete izan. Trabarik gabe. Mugarik gabe. Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar du herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea”.
Gaineratu dutenez, “demokrazia eta askatasun kontu bat” da erabakitzeko eskubidea egikaritzeko ahalmena izatea. Pirionietako Bidea 2022 iniziatibarekin, nazioarteko komunitatearen arreta erakarri nahi dute, autodeterminazio eskubidearen “kausa justuari” begiratzeko.
400 gailurretatik hainbat aldarrikapen helaraziko dituzte lau haizetara: “ez dugu indarrez ezarritako mugarik nahi, aski da errepresioarekin, herri borondateari oztopo antidemokratiko gehiagorik ez, eta, azken batean, Europako herriak izan daitezen izan nahi dutena”.
Pirinioetako Bidea 2022 proiektuan engaiatuta dauden entitateek konpromisoa adierazi dute bi helburuetarako: lehena, Kataluniako independentziara eramango duen mobilizazioekin jarraitzea, eta bestea, Euskal Herriak bere autodeterminazio eskubidea egikaritzea.
“Itxaropen argiak piztera goaz. Pirinioetako bi aldeko ilusioak batzera goaz. Askatasunaren bidea argiztatuko dugu. Etorkizun hobeago batekin amets egingo dugu, bizitza hobeago batekin guzti-guztientzat. Aurrera egingo dugu determinazioz, gailurra zain daukagu, eta iritsiko gara”.