Agirre Lehendakariaren plazan hasi dira margotzen 700. urteurreneko murala
Muralak Errenteriako emakumeen historia garaikidea jarraitzen du, lihozko hariak gidaturik.
700. urteurrenak hiri paisaian arrastoa utzi behar zuela erabaki zuen udalak. Horri begira, Agirre Lehendakaria plazako horma beteko duen murala sortzeko eskatu zuten Idoia Beratarbide artista eta sortzaile oiartzuarrari. Eskatu eta egin. Muralak Errenteriako emakumeen historia garaikidea jarraitzen du, lihozko hariak gidaturik. Eskuek garai ezberdinetako emakumeak, gertaera historikoak lotuko dituzte eta amaieran, eskuz esku eraikitako bide horrek gaur egungo emakumeengan eta haurrengan izan duen eragina islatzen saiatu da artista.
Apirilean aurkeztu zuen proiektua, eta orain, handian ari dira sortzen aipatutako plazan. Eguraldi ona ezinbestekoa zen lanak egiteko, eta horregatik itxaron dute uda heldu arte. Forma hartzen hasia da, oraindik ere bide luzea badu ere. 700 urteurrenaren arrasto ederra Beratarbideren lanak utziko duena.