[Elkarrizketa] "Dauden errealitateak lantzen saiatzen naiz"
Arte Ederretako ikasle, herrian erakusketa zabalduko du 24 urteko sortzaileak. Bihar eta etzi goizez (11:00-13:00) ikus daiteke lezoarraren lanen bilduma Kultura Aretoan. ‘Espazioak eta erregistroak’ izenburupeko mostra da.
Espazioak eta erregistroak du izenburu bihar Kultura Aretoan zabalduko duzun erakusketak. Espazioekin jokatuko duzu.
Espazioak ditut nire lanerako ardatz. Espazio itxiak gehienbat. Espazio publiko eta zabal batean lan egitea zaila da, urteak behar dituzu kontuan hartu behar diren gauza guztien jabe egiteko. Kanpoko eremuetan informazio asko dago lantzeko. Leku itxi batean, berriz, informazio gutxiago dago, eta oraindik ere ikasten ari naizenez espazio itxiago eta txikiagoak nahiago ditut errazagoa egiten zaidalako horietan lan egitea. Eta erregistroak hitza erabili dut izenbururako, azken batean nik egindako lanen erregistroak direlako erakusgai jarriko ditudanak, landu ditudan espazioen gaineko erregistroak, espazio konkretuak, kualitate eta neurri zehatzak dituztenak.
Espazio zehatz horietan gauzak gertatzen ari dira, toki horiek izan ditzaketen ezaugarriengatik. Adibidez, gometsekin lan bat egin dut, horien ilara bat lurrean jarrita. Lurrean pitzadurak, kolpeak azaldu dira, baldosa handienak zartatzen hasi dira… Kualitate horiek aktibatzen hasten naiz ni, intentzionalitate batekin jokatzen, gometsen biribiltasun hori marra zuzen batean daudela nola hasten den aldatzen, nola nahasten diren lurrean sortzen diren aldaketa horiekin. Hor gertatzen dena sentsiblea da, eta ezin da hortik mugitu. Bizirik dauden lanak dira.
Arteaz, oro har, iritzia izango duzu.
Arteaz hitz egiten denean ideia bakar batez hitz egiten da. Formalismo batez. Niretzat artea ez da hori. Hor dagoenak errealitatean dagoenarekin konektatu behar du. Artean ez dira ideiak sartzen nire ustez; norberarenak dira ideiak, eta ez dira denen errealitatearekin elkartzen. Askok esaten dute artea ez dutela ulertzen; nire ustez, hori esaten dute ikusi duten arte hori ez delako erreala. Pertsona ororentzat lan egiten dut nik, eta dauden errealitateak lantzen saiatzen naiz, konexioak sortzeko.
Urtebeteko lana dago bihar zabalduko duzun erakusketan. Urte arraroa izan da, ezta?
COVID-19ak ez dit lan egiteko orduan aldaketarik sorrarazi ia. Maskara jarrita edo distantziak mantenduz lan egin dut, baina jardun dudan espazioetan birusak ez du eragin askorik izan.
Askotariko diziplinak lantzen dituzu. Margolanak, argazkiak, bideoak…
Erakusketan formatu handiko margolanak, bideoak eta argazkiak egongo dira. Pintura lantzen ditudan espazioekin hobeto harremantzeko erabiltzen dut, baina horrekin ez naiz asko identifikatzen: oso askea da, detailetan fijatzen naiz, naturala eta traza lodikoa. Aldi berean, ez naiz oso bideo zalea, hasiberria naiz horretan eta erakusketaren zati bat hartuko du. Gehiago identifikatzen naiz instalazioekin edo espazioen interbentzioarekin. Baina ez naiz ezertara ixten; batzuetan sormen bat hasi, eta zurgintza lana egiten bukatzen dut, edo lurra altxatzen. Hori jendeak ez du ikusten arte bezala, baina iruditzen zait espazioetan eragitea dela. Objektuak hartu, eta bere lekuan jartzea formalismo hutsa da.
Herrikideak joango dira zure lanak ikustera. Mostratik ateratzen direnean belarriak adi izango al dituzu zer esaten duten jakiteko?
Espero dut, bai, jendea etortzea. Azken batean egiten dudana ezagutarazi nahi dut herrian antolatu dudan erakusketarekin. Eta zer esango duten? Horrek ez dit axola. Egiten dudana niretzat eta munduarentzat da, eta sortutakoa existitzea da asmoa. Ez dugu parte hartzen beste pertsona batek egiten duen sorkuntza batean, eta oro har arte formazio handirik ez dagoenez, zaila da ulertzea artistek egiten dutena. Museo batera edo arte galeria batera doazenak ohituta daude ikusten ari diren artistaren lanen gaineko azalpenak hartzera, artista nor zen ezagutzeko esplikazioak jasotzera, eta horrekin gelditzen dira. Ez dute ulertzen sortzaileak zer san nahi zuen egin duenarekin. Horrek arbuioa sortzen dio jendeari. Bakoitzak bere erara gauzak ikustea, lantzea, eta bizitzea polita da.
Arteak ez du funtzio material eta kontzeptualik, eta beharbada horregatik jendeak ez du interes gehiegirik artean. Jendeak sormenarekin konexioa egitea kostatzen da. Ohituta gaude ‘denak zerbaiterako balio du’ ideiarekin bizitzera, denak duela funtzio bat. Arteak funtzio materialik ez du, ordea. Baina pertsona batek nola lan egiten duen ikustean, asko ematen du horrek: bizitzeko, gauzak ulertzeko, beste era bateko bizipenak ezagutzeko.