[Erreportajea] Luze prestatutako jokoak
Tokio 2020 Olinpiar Jokoak gaur hasi dira, eta Oarsoaldeko eta Bidasoko lau kirolarik hartuko dute parte. Horietatik bi emakumeak: Teresa Errandonea irundarra eta Ane Santesteban errenteriarra.
Iaz izan behar ziren Tokioko Olinpiar Jokoak, aurten egingo dira pandemiaren eraginez. Bi astez gaur hasita, abuztuaren 8ra arte, mundu osoko kirolarien urte askotako lanaz gozatzeko aukera egongo da. Oarsoaldeko eta Bidasoko lau kirolarik hartuko dute parte Tokio 2020n: Julen Aginagalde (Irun, 1982), Ander Elosegi (Irun, 1987), Teresa Errandonea (Irun, 1994) eta Ane Santestebanek (Errenteria-Orereta, 1990). Hurrenez hurren, honako diziplinetan arituko dira: eskubaloia, ur biziko piraguismoa, atletismoa eta txirrindularitza. Errandonearekin eta Santestebanekin hitz egin du HITZA-k. Tokion daude jada bi kirolariak, eta errealitate desberdinak bizitzen ari direla kontatu dute.
Errandonearen lehen Olinpiar Jokoak dira, eta adierazi duenez, poliki-poliki eta pazientziaz lortu duela Tokiorako txartela. «Oso ongi sentitzen naiz, orain arteko sasoirik onenean nagoela uste dut». Amets bat bizitzen ari dela sentitzen du Errandoneak Tokiora joanez. Atletismoko proben bigarren egunean, hilaren 31n, hasiko da lehiatzen 100 metroko hesi lasterketan Japonian 10:45ak direnean, zazpi ordu gutxiago Euskal Herrian. Santestebanek Italiako Giroa amaitu berri du, eta, deskantsatzeko astirik gabe entrenatzen dabil jada Japoniako hiriburuan.
Bigarren Olinpiar Jokoak dira errenteriarrarentzat, Rio de Janeiron egon baizen 2016ko ekitaldian. Jokatu diren azken joko horietan, lasterketa ez zela hark nahi izan zuen moduan joan esan du txirrindulariak, baina momentu horretan bertan ohartu zela Tokion bigarren aukera izan zezakeela. Errepideko lasterketa etzi (hilaren 25ean) egingo du Euskal Herrian 06:00ak direnean, eta erlojuz kontrakoa, hilaren 28an, 04:30ean. Emakumeen Espainiako txirrindularitza talde olinpikoak bi partaide dauzka, Santesteban bera eta Mavi Garcia balearra.
Olinpiar Jokoetara iristeko biek bat egiten dute esaten dutenean, lan asko egin behar izan dutela. Errandoneak esan du denboraldi askotan egindako lanaren fruitua dela Tokiora joatea, eta, emaitzak, batez ere, denboraldia jarraian egin izanagatik ikusi dituela. «Ez da entrenatze kontua bakarrik, zaintzea ere oso garrantzitsua da». Lesiorik ez izatea, entrenamenduetan aurrerapen egokia egitea, eta deskantsatzea nabarmendu ditu atleta irundarrak. Edonola ere, Errandoneak erabaki batzuk hartu behar izan zituen duela hiru urte: «Nire taldekide batzuek atletismoa utzi zuten amatasunagatik edota ikasketengatik. Babesik gabe sentitu nintzen». Irungo Plaiaundiko atletismo pistatik, Donostiako miniestadiora entrenatzera joateko hautua egin zuen orduan, eta Ramon Cidi eskatu zion entrenatzaile izateko, Bidasoa Atletismo Taldeko (BAT) Ibon Muñozen lekukoa hartuz. «Muñoz ezinbestekoa izan da niretzat, talde teknikoaren zuzendaria baita, baina aldaketa behar nuen», aitortu du. Uste du erabaki horiek kirol mailan koska bat gorago egiteko hartu zituela, eta ziur dago inoiz hartu dituen hauturik onenak direla.
Hala ere, erronka ezberdinak dituzte Santestebanek eta Errandoneak. Atletak 13 segundo baino beheragoko marka hobetu nahi du. Haren hitzetan, oraingoz ez du azkarrago korri egitea lortu, lehiatzeko baldintza egokiak ez dituelako topatu. «Espero dut Tokion egotearen motibazioarekin lortzea». Izan ere, munduko atleta onenekin korrika egingo du, eta horrek motibazioan eragin baikorra izango duela ziur da. Kendra Harrison estatubatuarrak egin zuen marka onena Rion, 12,20 segundoko denborarekin.
Txirrindulari errenteriarrak, berriz, erronka gisa bere buruarekin lasai geratzea jarri du. Rion momentu «oso gogorra» pasa zuela azaldu du, eta sentsazio hori kentzen saiatuko dela. Gogotsu esan du lasterketa polita egiteko aukera ederra duela, Mavi Garciarekin elkarlanean. Hala ere, ez da gehiegi fio, eta dena ikusteko dagoela iritzi du. Hitz egin baino, eman dezakeena errepidean adierazi nahi du Santestebanek.
Baldintzak
Rioko Olinpiar Jokoetara joan aurretik Santestebanek emakume txirrindulari profesionalen baldintzak agerian utzi zituen. Ohartarazi zuenez, ziurrenik hara joan ez balitz, kirola era profesionalean egiteari utziko ziola. «Nahiz eta talde profesional baten parte izan, talde horretan egoera eta baldintzak ez ziren profesionalak». Soldata oso baxua zuela salatu du, eta gaineratu du, bizitzeko bere gurasoen laguntza behar izan zuela. «Azken urte hauetan, emakumeen baldintzak pixkanaka hobetu egin dira», zehaztu du. Emakumeen txirrindularitzan talde handi asko sartu direlako eman ahal izan da aurrerako urrats hori.
Irundarrak atleta profesionalen baldintzei buruz dio gizonak eta emakumeak ez dituztela desberdin tratatzen. Arazoa da, bere iritziz, atletismoa «gutxiengo baten» kirola dela. Emakumeek eta gizonek aukera berdinak dituztela uste du irundarrak: «Zorionez, txapelketak eta sariak ditugu». Plaiaundiko pistako harrobian, geroz eta neska gehiago ikusten dituela du iritzi, eta horregatik, «oso pozik» dagoela esan du.
Bestalde, denen gogoan geratuko diren Olinpiar Jokoak izango dira Tokiokoak. Izan ere, lehen aldiz historian, publikorik gabe lehiatuko dira kirolariak. Hala ere, bi kirolariek gogorarazi dute denboraldi osoan publikorik gabe aritu direla, eta ikusleen falta asko sumatu dutenarekin bat egin dute. Santestebanek jakinarazi duenez, publikoa dagoenean, jendearen indarra jasotzen duela, eta ikuslerik ez egotea asko nabaritzen duela. Errandoneak hutsune handia sumatuko duenaren susmoa dauka: «Estadioak oso handiak dira inor gabe egoteko». Hala ere, ikusleen animo ezak, haren errendimenduan ez duela eraginik izango uste du, pandemiagatik bizitzen ari den guztiagatik lehiatzeko gogo asko duelako. Txirrindulariak ere badaki zer den publikorik alboan ez izatea: «Uste dut egoera hau onartu egin behar dela». Egoera pandemikoa hobetzea denen ardura dela uste du.
Eskerrak eman dizkio irundarrak bere familia eta lagunei, Ramon Cid entrenatzaileari, Salto Systems enpresari eta dituen babesle guztiei. Santestebanek Oarsoaldeko herritarrei helarazi die eskertza, eta aipamen berezia egin dio Errenteriako Udalari: «Egindako lan guztiagatik, herriaren indarra transmititzeagatik».
ANDER ELOSEGI ETA JULEN AGINAGALDE, DOMINAK LORTZEKO BORROKAN
Teresa Errandonea eta Ane Santesteban ez dira izango bihar Tokion ofizialki hasiko diren Olinpiar Jokoetan Oarso Bidasoko kirolari bakarrak. Bi irundarrek osatuko dute laukoa: Ander Elosegi Santiagotarrak Kirol Elkarteko ur bizietako piraguistak, eta Julen Aginagalde Bidasoa eskubaloi taldeko jokalariak.
Elosegirentzat (Irun, 1987) laugarren Olinpiar Jokoak dira Japoniako hiriburukoak. HITZA-k urtarrilean egindako elkarrizketan, dominetatik hurbil egon nahi zuela adierazi zuen bere mailan, C-1en alegia. Izan ere, Pekinen (2008) eta Londresen (2012) laugarren izan zen, eta 2016ko Riokoetan zortzigarren. «Uste dut baditudala dominarako aukerak», esan zuen elkarrizketan. Igandean hasiko da lehian palista, kanporaketekin.
Aginagalderentzat (Irun, 1982), berriz, bigarren Olinpiar Jokoak dira, 2012an Londresen egon zelako Espainiako eskubaloi selekzioarekin (zazpigarren izan ziren). Bihar hasiko ditu partidak talde horrek. Bidasoako jokalari bezala lehen jokoak izango ditu, 2012koetan Atletico Madril taldean zebilelako. Taldearen helburua da dominen borrokatik hurbil izatea.
Milaka kilometrora, baina herritarrak hurbil
Tokio milaka kilometrora egon arren, eta han publikoaren berotasunik gabe lehiatu behar izan arren, herritarren babesa izango dute Oarso Bidasoko lau kirolariek egunotan. Errenteriako Udalak, adibidez, historikotzat jo du Ane Santesteban bigarrenez Olinpiar Jokoetan izatea: «Munduko zorte onena opa diogu». Txirrindularia animatzeko deia egin die errenteriarrei, eta horretarako euskarria prestatu: banner moduko kartelak egin dituzte Santestebanen irudiarekin (Fanderiako eta Beraungo kirol instalazioetan daude), horrekin herritarrek argazkiak atera eta sare sozialetan bana ditzaten #eutsiane traolarekin. Goiko irudian, Urdaburu Mendizale Taldeko kideen animo argazkia ageri da.
Irungo Udalak ere Teresa Errandoneari, Ander Elosegiri eta Julen Aginagalderi babes mezua helarazi die. «Harrotzeko modukoa da hiriarentzat hiru kirolari izatea Tokion. Emaitza edozein izanda ere, historia egin dute Irungo kirolean», esan du Borja Olazabal Kirol zinegotziak. Tokioraino iristea ez dela batere lan erraza izan nabarmendu du Olazabalek, eta irundarrei dei egin die animo mezuak bidal ditzatela sare sozialen bidez.