Atzamarkak bertso saio feminista antolatu du ostegunerako
Talde feminista sortu berriak Irati Alcantarilla, Haizea Arana eta Ekhiñe Zapiain gonbidatu ditu. Ogitartekoak eta pintxoak salgai jarriko dituzte.
Orain dela gutxi sortu da Atzamarka Oiartzungo neska gazteen talde feminista. Orain dela bi aste egin zuten lehenengo ekitaldia, eta ostegunerako —hilak 29— beste bat antolatu dute.
Bertso saio feminista egingo dute, Irati Alcantarilla, Haizea Arana eta Ekhiñe Zapiainekin. 19:30ean izango da, Kontzejupe plazan. Edukiera mugarik egongo ez denez, ez da aldez aurretik sarrerarik hartu behar.
Atzamarkak jakinarazi duenez, saioak irauten duen bitartean ogitartekoak eta pintxoak erosteko aukera egongo da.
Sorgin tabernaren laguntza eskertu du talde feministak, saioaren antolakuntzan laguntzeagatik, baita Endika Loiolarena ere, soinu ekipamenduagatik.